Indarkeria matxistatik bizirik ateratako emakumeak gogoratuko ditu Bilbok horma-irudi handi batean

Erabiltzailearen aurpegia Bilbo Hiria Irratia 2021ko ots. 16a, 08:00

Bilboko Udalak eskatuta, Ruth Juan artistak diseinatuko du genero indarkeriatik bizirik atera diren emakumeei zuzendutako memoria murala.  Bilbo Zaharra auzoko Mesedeetako kaian kokatuko da eta aste honetan hasi da jada lehen zirriborroarekin.

Ekimen artistiko honen helburua, genero-indarkeriaren biktima izan diren eta bizirik atera diren emakumeei eta haien seme-alaba adingabeei errekonozimendu eta erreparazio sinbolikoa ematea da. Hurrengo hiru asteetan ikusiko dugu Ruth Juan artista gaztearen lanaren emaitza; emakumeen gorputz biluzietan oinarrituko murala izango da, izan ere, artistak esan bezala, hainbat emakumerekin hitz egiteko aukera izan du, eta beren kontakizunak, gorputzari, gaixotasunei, tentsioari edota indarkeriek gorputzean dituzten eraginei buruzkoak izan dira beti.