Egia da. Eskura dauzkagun azken datuen arabera Bilboko biztanleen % 51,2k euskaraz aritzeko nolabaiteko gaitasuna dute. Zehatzago esanda, horietatik % 23 euskaldun osoa da eta gainontzekoek, % 28ak, ia-euskaldun ikusten du beren burua. Lehenengo begiratu batean datua ona da, ezin esan dezakegu aurrerapenik ez denik izan lehendabiziko datu bilketa egin zenetik: 1981etik 2011ra (orduko datuez ari gara) 30 urte pasatu dira eta euskaldun osoen kopura herritarren % 6,25 izatetik % 23ra pasatu da; edo, ia-euskaldunak ere kontuan hartzen baditugu, % 21,5etik % 51,2ra.
Helduen euskalduntzetik, baina, beste irakurketa bat egin behar dugu: gure helburua bilbotarren % 100ek euskaraz jakitea eta egitea da. Bilbotarren ia erdiak ez dauka euskararen ezagutzarik (ez nahikorik behintzat), eta beste % 28 oraindik ez da euskaldun osoa; beraz, lan handia dugu aurretik Bilboko euskaltegiok, teorian behintzat, eta horretarako ezinbestekoa da administrazioaren inplikazioa.
Bistakoa da euskaldun kopuruaren hazkundean Hezkuntza sistemak eragin handia izan duela. 1983-1984 ikasturtean ereduen sistema martxan jarri zenetik asko eta asko dira eskolak euskaldundutako lagunak. Halere, sistemak ez du bermatu euskararen jabetzea ezta eskuratutako euskararen kalitatea ere. Horretaz, baina, beste baten arituko gara.
80ko hamarkadaren hasieran jaiotako umeak izan ziren D ereduaz baliatu ahal izan ziren lehenengoak, eta, beraz, administrazioari esker euskaldundutako lehenengoak, nolabait esatearren. Izan ere, arestian aipatutako Bilboko euskaldunen hazkundea gazteengan gertatu da batez ere. Zoritxarrez, lehenago jaiotakoek ez dute aipatu aukera hori izan eta ikastolei edo euskaltegiei esker euskaldundu dira, euskaldundu badira. Beraz, ez da kasualitatea gaur egungo euskaltegietako ikasleen profila, adinari dagokionez, 40 urteren bueltan ibiltzea. Administrazioak ikasle horiekiko nolabaiteko zorra daukala esan genezake, gehienen kasuan gaur egun ez dute-eta inolako diru-laguntzarik jasotzen HABE azterketak gainditu artean, eta hori aurkeztekotan, jakina.
Udalek, administrazioaren parte diren heinean, betebehar handia dute ikasleak laguntzeko, eta zoritxarrez, Bilbon erroldaturik bazaude eta gurasoa ez bazara, jai duzu; euskara ikasteko zure poltsikotik ordaindu beharko duzu matrikula sari osoa. Lehen esan bezala erraztasunak jarri behar dira; euskaltegira hurbildu nahi duten bilbotarrentzat euskara ikastearen koste ekonomikoa ezin izan daiteke aitzakia. Bilbon, tamalez, udalak ez du euskara ikasteko diru-laguntza politika eragingarririk eta horri dagokionez, bigarren mailako herritar moduan sentitu gaitezke.
EAEko beste hiriburuekin alderatuz gero, amorrua areagotu egiten da: Donostiarrek matrikularen % 50 jasotzea daukate laguntza moduan, baldin eta bertan erroldatuta badaude, % 85eko asistentzia badute eta gutxienez urrats bat gainditzen badute. Gasteizen, ostera, eskatzailearen egoera ekonomikoa hartzen da kontuan, horretaz gain, gurasoentzat eta aisialdiko eta kirol begiraleentzat ere badira laguntzak. Gure inguruko herrietan ere badira laguntzak, eta ez nolanahikoak. Metroaren geltoki batetik bestera matrikularen sarian izan daitekeen aldea izugarria da. Zer dugu diferente Bilbotarrok?
Bilbokeriatzat har daiteke, baina % 100 euskaldun izatea dugu helburu. Udalak horretarako bitartekoak jarri behar ditu eta ezinbestekoa da beka-sistema eragingarria. Bilbotarrak gara, ezta?