Ekimen honen helburua da euskararen erabilera bultzatzea ume bilbotarren artean, aisialdirako eta modu dibertigarrian, gurasoen artean euskararen transmisioarekiko atxikimendua sustatzea, kulturaren bidezko hezkuntza sustatzea eta kalitatezko programazioa eskaintzea. Hamaikagarren edizio honetako eskaintza era askotakoa da: antzerkia, magia, musika, pailazoak, ipuin kontalariak… Programa urtarrilaren 19an hasiko da eta martxoaren 26an bukatuko da.
Aisialdia, kultura eta hezkuntza uztartuko dituzten 30 jarduera baino gehiago garatuko dira hurrengo leku hauetan: Begoñako, Deustuko, Basurtuko, Errekaldeko eta Kastañoseko Udaltegietan, Indautxuko Karmen eta Bilborock Aretoetan, eta Tiboli eta Zamakola eskoletan.
Musikoterapia, nobedade gisa
Jarduera hauez gain, Ikusi eta Ikasi programak tailerren eskaintza bikoiztu egin du. Izan ere, iaz 9 tailer eskaini baziren, aurtengo edizioan 18 izango dira. Aurtengo nobedadea musikoterapia tailerra izango da. Beraz, iazko sukaldaritza, mozorrogintza eta sormenezko eraikuntza tailerrei, musikoterapia ikastaroa gehituko zaie.
Guraso zein interesdunek www.ikusietaikasi.net webgunean programazioa, albisteak, bideoak eta agenda kontsultatu ahal izango dute; baita aholkuak, tresnak eta baliabideak jaso ere.
Aurtengo berrikuntzetako bat tailerretan izena emateko era da; edizio honetatik aurrera www.ikusietaikasi.net web gunean dagoen izen-emate fitxa bete beharko da, izan ere tailerretarako aforoa nahiko mugatua da.
Ikusi eta Ikasi programak 11 urte bete ditu jadanik, 2005ean hasi zenetik, euskararen erabilera bultzatzeko asmoz ume bilbotarren artean aisialdirako, eta beti modu dibertigarrian.
Pasa den edizioan Ikusi eta Ikasi programak 6.227 pertsona batu zituen eta parte hartzaileen artean egindako gogobetetze inkestetak oso nota ona ematen diote programa honi. 919 pertsonari programazioari, lekuari eta ikuskizuna umeen gustukoa den galdetuta 8,92ko nota eman diote programari.