Irailaren amaierara arte, kanpaina koloretsua egongo da uriko kaleetan bilbotarrak euskara ikasteko euskaltegietan izena ematera animatzeko. Matrikula egiteko epea irailaren 30era arte egongo da zabalik eta azken helburua euskara eguneroko bizimoduan erabiltzea eta herritarrek elkarrizketetan esaten duten lehenengo hitza euskaraz izatea da.
Goiburu hori zenbait euskarritan ikusi ahal izango da: uri osoan zehar ibiliko diren 5 bilbobusetan, 24 publizitate-zutabetan eta udalaren 5 erlojutan.
Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak eta Euskaltegien sareak elkarrekin egingo dute dei hau hizkuntzaren normalizazioa lortzeko eta erabilera suspertzeko. Kanpaina honekin, jendeak euskaraz egunero hitz egin dezala lortu gura da eta horretarako aurreneko urratsa Bilbon dauden 17 euskaltegietako batera joatea eta urriaren 1ean hasiko den ikasturterako matrikulatzea da. Izena emateko epea zabalik dago dagoeneko hilaren amaierara arte.
Izan ere, euskaltegietan bertan aurkitzen dira euskararen ikaskuntza, erabilera eta normalizazioa sustatzeko tresnak. Aurten ere mota guztietako ikastaroak antolatu dira, moduan, epean zein metodologian ikaslearen ezaugarrietara taxutuak.
Euskararen normalizazioan egundoko garrantzia izan dute euskaltegiek Bilbon, sare zabala eta oso bizia osatzen dute eta. Horregatik, Bilboko Udalak herritarrei euskaldun izateko eskaintzen dien zubia egiten jarraitzen du, laguntza emanda euskara ikasi gura dutenei.
Diru-laguntzak
Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak 209.000 euro erabiliko ditu diru-laguntzak emateko euskararen normalizazioan garrantzi biderkatzailea duten kolektiboei, hau da, gurasoei eta aisialdiko monitoreei.Kolektibo bi horiek berebiziko leba dute-eta umeen eta gazteen hizkuntzarekiko jarreran.
Bilboko ume eta gaztetxo gehienak ikasketak euskaraz egin arren, giro erdaldunean bizi dira, gehienbat euren gurasoek ez zutelako euskara ikasteko aukerarik izan.Honelako laguntzekin euskara ohiko tresna bilakatu nahi da etxekoen arteko harremanetan.
Kolektibo bi horiek ez eze, deialdian diru-sarrerei buruz ezarritako baldintzak betetzen dituztenek ere diru-laguntzak eskuratu ditzakete. Diru-laguntzok 2019ko udan banatuko dira, behin 2018-2019 ikasturtea bukatuta, ordaindutako matrikularen zati bat itzuliz.
Euskaltegien sarea
Bilbon 17 euskaltegi daude, uriko barruti batzuetan.Horrek esan nahi du ia barruti guztiek dutela euren euskaltegia.Iaz, 2017-2018 ikasturtean, 6700 ikasletik gora eman zuten izena.
Kanpaina honekin jendea euskaltegietan euskara ikastera animatu nahi da eta, batez ere, euren bizimoduan eguneroko tresna izan dadila.
Bilboko Euskaltegiak