Gizakiaren duintasuna bizikletaren bidez aldarrikatzea

Erabiltzailearen aurpegia bizizbizi 2017ko api. 3a, 09:07

Badakigu bizikleta zuretzat beti izan dela aisialdiaz gozatzeko eta garraio mota bat baino gehiago. Izan da askatasuna, txikiaren borroka handiaren kontra, berdintasuna, eta elkartasuna ere bai. Bizikleta xumearen, jatorraren, benetakoaren garaipena da. Orekaren garaipena. Hori dela eta, aurten, Biziz Bizik proposamen bat egin nahi dizu: gizakiaren duintasuna bizikletaren bidez aldarrikatzea. 

Horretarako, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformarekin elkarlanean, gonbidapena egiten dizu migratzaile eta errefuxiatuen duintasunaren alde eta Gernikako bonbardaketaren 80. urtemugaren harira Euskal Herriko hainbat tokitatik abiatuko diren martxa solidarioetan parte hartzeko, Gernikara heldu arte, apirilaren 28an eta 29an. 

Asteburu osoan, ekitaldi ugari egingo dira: hitzaldi-solasaldiak, esperientzia-tailerrak, kontzertuak, haur-animazioa, zinema dokumentala, munduko janariak… zeinak ziur gauden zure interesekoak izango direla. Horrez gain, errefuxiatu eta migratzaileen testigantzak entzungo ditugu, bai eta Europan asilo, migrazio eta giza eskubideen alorrean erreferente diren pertsonen ahotsak.  

Etortzea errazagoa izan dakizun, ostatua izango dugu Bilbon, apirilaren 28an, eta Gernikan, 29an eta 30ean. Ez ahaztu izena emateko fitxa betetzea. Horrez gain, apirilaren 28an, ostiralean, 19:30ean Bolsa eraikinean, Pilota kaleko 10.ean, Xabier Luna Nafarroako suhiltzaile eta boluntarioak Balkanetako ibilbide itxian zehar migratzaile eta errefuxiatuen ondoan bizikletaz egin duen bidaia kontatuko digu. 

Zapatak, arropa eta janaria eman dituzu. Badakigu dirua eman duzula. Baina jakin badakigu, halaber, pertsona horien nahirik handiena dela  beren giza eskubideak errespetatzea; soilik lagundu ahal izango diegu apirilaren 29an, larunbatean, Gernikan baldin bagaude. Herri bizkaitarra ELKARTASUNez bete nahi dugu eta, zure laguntzarekin, lortuko dugu. Zure konpromisoa behar dugu. Etorri behar duzu, izan ere, hala egiten baduzu, erakundeei herri solidarioaren irudia bidaltzea lortuko dugu, behin izan ginen, garen eta izango garen herri solidarioarena, hain zuzen. Ahots xenofoboak altxatzen ari dira, eta isilarazi egin behar ditugu. 

Badakigu mundu mailako proiektu solidario honetan parte hartu nahi duzula, zeren Albert Einstein apartak esan zuen bezala: “Geuk, hilkorrok, hilezkortasuna soilik lortzen dugu elkarrekin sortzen ditugun gauzetan, gure ondoren irauten duten horietan”. Esan zuen, era berean, bizitza oso arriskutsua dela, baina ez pertsona gaiztoengatik, baizik eta eseri eta gertatzen dena ikustera geratzen diren horiengatik. Etorri behar duzu, baina, batik bat, ETORRI NAHI DUZU. 100 boluntario behar ditugu apirilaren 28rako, ostiralarekin. Animatu eta lagundu.  

Izena emateko edota ekitaldiari buruzko informazioa eskuratzeko, klikatu Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren estekan. Hartu parte, lagundu atalean, boluntario gisa izena emateko aukera duzu. 

http://bizkaia.ongietorrierrefuxiatuak.info/