Ez gara nekatzen eta behin eta berriro jarraituko dugu esaten hirian ibilgailuen erabilera murriztu behar dela, modu nabarmenean, gainera, eta mugikortasun jasangarria bultzatu; trafikoaren baretzea eta 30 km/h-ko kaleak edo oinezkoek lehentasuna duten kaleak eskatzen ditugu. Hiria delako eta hiria bertan bizi direnena eta direnentzat izan behar delako.
Argi daukagu elkarbizitzarako arauen errespetuan datzala edozein bide politikaren arrakasta. Eta hori dela eta azpimarratu nahi dugu metro eta erdiko gutxieneko tartea utzita aurreratzearen garrantzia, abiadura moteltzearekin batera.
Baina formazioa lehenago hasi behar da, eskoletako curriculumetan txirrindulari, oinezko eta etorkizuneko gidarientzako bide-hezkuntza txertatuta. Helburuak beharko luke izan etorkizuneko hiri txirrindulariaren “ahalduntzea”, kontzientzia izan dezan errepidean zelan jokatu behar duen eta argi izan dezan errepidea ere berea dela, bertatik joateko eskubidea daukala.
Ez daukagu altzairuzko armadurarik, oso zaurgarriak gara. Horrelako albisterik berriz ere entzun ez dezagun, gure hauskortasun hori presente izan behar dugu eta uneoro errespetuz jokatu. Eta horrela izan dadin, zeu ere behar zaitugu.