1943garren urteko zezeilaren 14an Durangon jaio zan makina bat urtetan Bilboko alkate lez edo osasun sailburu moduan ezagutu dogun Iñaki Azkuna Urreta. Bere ama jostune zan eta bere aita obretako behargina, biak EAJko kideak ziran. Gerra ostean ama Frantzian erbesteratuta egon zan eta aita Ciudad Rodrigoko kartzelan preso. Iñaki Azkuna gazteak ikasketak Salamancako unibersidadean egin ebazan; medikuntzan lizentziatua eta kirujian cum laude doktore izentau eben. Ezagutzak batu eta gero bera aritu zan irakasle EHUan eta Pariseko unibersidadean. 25 urte eukazala heldu zan Parisera. Bertan bere emaztea izango zan Anabella ezagutu eban, jaiotzez Txiapasekoa, Anabella frantziar filologia ikasten egoan, alkarregaz maitemindu eta 1973an ezkondu ziran. 70garren hamarkadan Bizkaira itzuli zan eta Gurutzetako ospitalean osagile aritu zan. Erradiologi zerbitzuan beren beregi. 1981ean Gurutzetako eritetxeko zuzendari izentau eben eta handik urtebetera Eusko Jaurlaritzako organigraman sartu zan Karlos Garaikoetxea lehendakari zanean. EAEko ospitaleetako sareko buru izatera heldu eta 1983 eta 1987 bitartean Osakidetzako buru airtu zan. Garai horretan medikuek eta erizainek eukiezan botere gune nagusiak apaldu ebazan Azkunak eta berak inoan moduan osasun sare barri bat sortzeari ekin eutsen zerotik hasita. 90garren hamarkada osoa osasun sailburu jardun eban Azkunak Ardantza lehendakariaren agintaldian. 1999an alderdi popularrak botoei jagokenean Bilbon gorakadea euki eban eta horri aurre egiteko Xabier Arzallusek zuzentzen eban EAJak udal hauteskundeetan Iñaki Azkuna Bilboko alkategai aurkeztea ebatzi eban. Eusko Alkartasunaren aldeko botoei eta Euskal Herritarrok taldearen abstentzinoei esker EAJak alkatetza mantentzea lortu eban. Josu Ortuondoren lekukoa hartuko eban orduntxe, dagoeneko politikari bihurtuta egoan Durangoko medikuak. Lehenengo urte horreetan Gorordok zuzentzen eban ICVgaz batera gobernau eban. 2003an Azkunak hauteskundeak irabazi eta EAgaz koalizinoan aritu zan. 2007tik aurrera Ezker Batuagaz gobernu ituna eginda agindu eban Azkunak. Julia Madrazo alderdi politiko hontako zinegotziagaz oso ondo konpontzen zan Bilboko alkatea, alkarri miresmena eutsen. Azkanengo hauteskundeetan jeltzaleek gehiengo oso lortu eben.
2012an City Mayors fundazinoak, mundu mailako alkateen erakundeak munduko alkaterik onenaren saria emon eutsan Azkunari. Askoren ustetan Guggenheim efektuak Bilbon eragin dauen aldaketa prozesua nabarmentzeko saria izan zan. Azkunaren sasoikoak dira Euskalduna Jauregia, Abandoibarrako pasealekua, Alondegiko proiektua, tranbia bera, San Mames eta Basurtuko zonalde barriak etabar luzea. Bilboko alkate izan danari aitortu jakezan beste kontu batzuen artean diru kontuak modu egokian gestionau izanaren gaia dago. Bilboko udala Euskal Herrian eta estadu osoan ezelango finantza zorrik ez daukan uri gitxienetarikoa da. Aldekoak eta kontrakoak euki dauz Azkunak urte honeetan guztietan. Halan da be gauza bat ezin da ukatu 4 legegintzalditan jarraian bere gobernu taldeak bilbotar gehienen konfidantzea eskuratu dauela. Legegintzalditik legegintzaldira boto kopuru gehiagogaz hain zuzen be. Halan da be dan danak ez dira aldeko eretxiak izan, Azkunak bere egunerokoan kritika gogorrak be entzun behar izan dauz. Azkanengo urteetan udaletxean dagozan frankismo sasoiko margoen kokapenaren harira, metroa Errekaldera ez helarazotearren edota Kukutza gaztetxearen eraisteagaitik, batzuk aitatzearren. Iñaki Azkunari on dala hamar bat urte minibizi kasu bat diagnostikau eutsen, prostatako minbiziana hain zuzen be. Urte honeetan guztietan gaixoari aurre egiten egon da, denbora tarte handi baten nasai nasai udaletxean behar egiten eta azkanengo garaian, lantzean behin Basurtuko eritetxean ingresauta edo etxean atseden hartzen. Komunikabide baten emondako alkarrizketa baten berak zera adierazo eban: nire familia gazte hil zan, badakit ze etorkizun dekodan ez daust inork eskua irakurri behar. Zaletasunen artean literaturea, musikea, erlijinoa eta futbola maite izan dauz orain arte Bilboko alkate izan danak. Frantzian ikasketak eta maisu lanak egin izanak herrialde horregaz zelanbaiteko loturea sortu eutsan. Frantziako Ohorezko Leginoaren dominea jaso eban orain dala urte gitxi eta Frantziako Kulturearen Instituoak uribitartean dauen egoitzako ekitaldi nagusi gehienak babestu izan dauz. Era berean Bordeleko egungo alkatea dan eta Frantziako ministroa izandako Alain Jupegaz laguntasun handia euki dau beti. Lagun baino gehiago gidari izan dau Azkunak, Begoñako ama. Azkunak Begoñako amabirjinari otoitz izan deutsola kontau izan dau sarri. EL PAÍS egunkariari behin emon eutsan alkarrizketa baten Azkunak honakoa inoan Begoñako basilikan katolikoena naz eta eta udaletxean nagoanean laikoena. Ahal eban bakotxean San Mamesera joaten zan Athleticen futbol partiduak ikustera eta jokalarien edo ikusitako joko on edo txarraren inguruan eretxia emotea ez jakon bapebe kostetan. Kaleko jendeari hur egiten jakon berbakera baten aritu izan da beti guerra contra el navajero esaldia be ospetsu bihurtu eban berak. Prentsaurreko baten on dala urte bi Eroskiko presidenteari itzelezkoak esan eutsazan Bilbao edo Bilbo barik Bilbado esan ebalako. Musika klasikoaren zale amorratu izan da Azkuna, ABAO-OLBEk urrezko dominea emon deutso aurten eta bere azkanengo agerraldi publikoan Beethoven eta Brahmsen lanen Musika-Musik jaialdia aurkezten egon zan.