Bizkaia Gernika Rugby Taldearen helburua Ohorezko maileari eustea da. Ligea amaitu da, eta aukera bi dagoz orain. Bata bulegoetan dago. Bestea, zelaian. Mailea galtzeko arriskuan egon diran hiru taldeek irabazi egin dabe azken jardunaldian. Hernanik eutsi deutso maileari. Gernikak promozinoa jokatu behar dau. Eta CRC Pozuelo jatsi da. Baina Gernikak helegitea jarri dau. Legearen kotrako alineazinoa leporatzen deutso azken partiduan. Martitzenean ebatziko dabe auziaren gainean. Helegitea ontzat joten badabe, Hernani jatsi egingo da, eta Gernikak zuzenean eutsiko deutso maileari. Ontzat joten ez badabe, Basurdek play-offa jokatu beharko dabe bagilaren hasieran. Iker Olaeta Gernikako jokalariagaz egin dogu berba. Beste hiru konbidadu be izan ditugu Bizkaian Lehian saioan. Unai Azkorra (Askartza), Ainhoa Azaola (Zuazo) eta Jon Mujika (San Inazio). Askartzak amaitu dau denporaldia. Zuazok Porriñori irabazi behar deutso, zapatuan Lasesarren. Beti be, sailkapenean goian geratu gura badau. Eta San Inaziok, partidu gatxak daukaz astegoienean. Astros bigarrenaren aurka jokatuko dabe Valentzian.