Mikel Ayestaranek "Oriente Medio, oriente roto" liburua kaleratu barri dau eta esan deusku azkeneko hamarkadan kubridu dauen gatazkarik gatxena eta arriskutsuena Siriakoa izan dala. Gaur bertan jakin da AEBek Siriako armadeari eraso kimikoa prestetan ibiltea leporatzen deutsela. Siria eraso kimikorik prestetan dagoan egiaztatzea gaur egun ezinezkoa dala uste dau Ekialde Hurbilean dagoan Mikel Ayestaran kazetariak. Jerusalemetik berba egin deusku eta kubridu eban 2004an Irango Bam-eko lurrikaratik hona bere lan egiteko modua nahikotxo aldatu dala aitortu deusku. Palestinarren eta israeldarren arteko gatazkaz, Arabiako penintsulako herrialdeen etorkizunaz edota Iranen topau leiteken egonkortasunaz patxadaz egin deusku berba zenbait kazetaritza sari irabazi dauzen profesionalak. "Oriente Medio, oriente roto" liburua aste gitxitan hirugarren edizinora heldu da.