Cantabriako Gobernuak Saudi Arabiara doiezan armen ontziratzea salatu dau eta antimilitaristek EJri bardin egiteko eskatu deutse. Eusko Legebiltzarreko zenbait taldek EJri Bilboko Portuan egiten dan armen ontziratzeari buruzko adierazpen publiko bat eskatu deutse. Momentuz euskal erakundeen aldetik horren inguruko salaketa publikorik ez da egon, Cantabrian ordea bai. Joseba Sanz Ondo Etorri Errefuxiaduak plataformako kidea da eta horretaz berba egin deusku. Bilboko Portuan kargetan diran armak Burgosen ekoizten dabez eta hilabetero ia, itsasontziz Saudi Arabiara garraiatzen dira. EAEn armak garraiatu ez eze, hegazkin militarretarako edo tanketarako piezak ekoizten dira, besteak beste Getxoko Sener edo Barakaldoko Precicast enpresetan. Estaduan industria militarraren alorrean fakturazinorik handiena daben erkidegoen artean Euskadi hirugarren postuan dago Andaluzia eta Madrilen atzetik. Hau salatzeko, zapatuan goizeko 11:00etan Bilbotik urtengo dauen bizikleta martxa baten parte hartzera deitu dabe talde antimilitaristek.