Irakurrieran euskarazko literatura irratsaioak zapatuan hasiko dau denboraldi barria

Euskara hutsezko literaturari eskainitako saioa da Irakurrieran. Zapatu eguerdietan (13:00etan) Bizkaia Irratian entzungai izaten da eta bihar, martiak 9, ekingo deutso denboraldi barriari. Irratsaioko gidariak Ibai Atutxa idazlea eta Leire Palacios kazetaria izango dira.

2002an hasita, 17 urte beteko ditu irratsaioak denboraldi honetan. “Komatxo Artean” izenagaz hasi eban ibilbidea Euskal Idazleen Elkartearen eskutik. Hasieratik, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza izan dau egitasmoak.

Ordubeteko irratsaioan, gutxienez euskal idazle bat izaten da beti gonbidaua. Bere azken lana ardatz hartuta, bere sormen lanaz barriketalditxoa izaten da. Baina bere gustoko literaturari eta musikari be errepasoa egiten jako. Denboraldi barriko lehen saioan Oier Guillan aktorea eta Danele Sarriugarte idazlea izango dira Leire Palaciosen gonbidatuak.

Zapatu eguerdietan izaten dau Irakurrieran irratsaioak lehen emonaldia eta martitzen gabetan errepikatzen da, 21:00etan. Dana dala, sarean bizkaiairratia.eus webguneko audiotekan nahieran entzungai izaten da.

Osorik irakurri