Bizkaiko hondartzak bete barik, erdi beteta edo guztiz beteta dagozan jakiteko telefonoko aplikazino edo APP bati adi egon beharko dogu. Telefono mogikorretarako APP baten bitartez momentu oro hondartzetako aforoa zein dan jakin ahal izango dogu. Hondartzetako sarreretan ez eze aplikazinoan be seinale gorria, laranjea edo berdea egongo da. Berdea badago hondartza bete barik egongo da, kolore laranjea igerten badogu erdi-beteta eta gorria agertzen bajaku guztiz beteta. Horren arabera hondartzetara sartu ahalko dan ala ez jakingo dogu. Erabiltzaile bakotxak gainera ordu muga bat eukiko dau hondartzan bertan egoteko. Nagore Utxupi Gorlizko alkatea danak horretaz berba egin deusku. Bizkaiko hondartzetara joan ahal izateko behin betiko arautegia bihar Aldundiak eta alkateek egingo daben batzar baten erabagi leiteke. Laga eta Laida hondartzak Ibarrangelu udalerriaren barruan dagoz. Herri honetako alkateak esan deuskunez hau guztia kontroletako udaltzainak beharko dabez. Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak xehetasun gehiago emon deuskuz. Kanpingak hirugarren fasean edegi ahalko dabez, hau da aldaketarik ez badago bagilaren 8an. Ibarrangeluko alkateak Laidako kanpinga horretarako prestetan dabilzala esan deusku.