Txertaketa kanpaina desastre hutsa dala esan dau Laura Garrido alderdi popularreko legebiltzarkideak. Plangintza bat falta dala uste dabe popularrek, dana inprobisazinoagaz egiten dala. Atzo Donostiako Ilunbe zezen plazan 260 txerto ipini ebezan, eta helburua kopurua handitzea dala esan dabe Osakidetzako arduradunek. Leku handietan txertatzeko proposamena hasieratik egin ei eban alderdi popularrak, gaur goizean Garridok esan deuskunez. Eta ezetz erantzun eutsien.
Eusko Legebiltzarrean ordezkaritzea dauken talde parlamentarioei pandemiaren aurkako legeari buruzko txosten juridikoa bialduko deutsie. Momentuz lege proposamen horren edukina ez dabela ezagutzen esan deusku Laura Garrido popularrak.
Martiak 3 gaur, 45 urte beteten dira Gasteizen bost langile hil ebezanetik. Espainiako poliziak Zaramagako Asisko Frantzisko eleizan huelgan egozan beharginen kontra egin eban. Eleiza barruan batzartuta egozan beharginak, eta handik urtetean poliziak tiro egin eutsen. Bost hildako eta 150 zauritu. Aurten, erakundeek eleiza hori hildakoen memoria goratzeko eta gertautakoa ezagutzen emoteko informazino gune bihurtzea erabagi dabe. Laura Garrido PPko legebiltzarkideak orduan gertautakoa txarretsi dau, eta gune hori eraikitzea begi onez ikusten dau.