Pedro Azpiazu (EJ): "Zorra, une honetan, baliabide ekonomiko gehiago eukiteko beharrezkoa da"

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaia Irratia 2021ko mar. 11a, 12:21

Adostasunerako eskaintza egin dau EH Bilduk Europako funtsen inguruan. Pedro Azpiazu Jaurlaritzako ogasun sailburuaren esanetan Euskadik bere proposamena egin dau, udal, foru aldundi eta enpresarien ekarpenak jasota. EH Bilduk dino proiektuetako batzutan bat egiten dabela Jaurlaritzaren Euskadi Next planagaz. Hori holan bada, Madrilen EJk aurkeztutako proposamena babesteko eskatu deutso koalizinoari Azpiazu sailburuak. 

Eusko Jaurlaritzak industria jardueraren alde egingo dau La Navaleko lurretan, VPGren proiektua errespetauta. Pedro Azpiazu Jaurlaritzako sailburuaren esanetan VPGren proiektua errespetau beharra dago; proiektua bera oraindik ez dago argi. Hala ere, Jaurlaritzako industria jarduerea mantentzeko bere eskuetan dagoana egingo dau. Berba eginda akordioa lortu daitekela uste dau sailburuak.

Egoera ahulenean dagozan eskualdeak diruz laguntzeko 180 milioi euroko proposamena Legebiltzarreko batzordean landu dala gogorarazo dau Azpiazuk. Meatzaldea, Enkarterri edo Araialdea dagoz tarteko eta Azpiazuren berbetan horrek bultzakada bat emongo deutse zonaldeko enpresei eta familiei. 

EJk aurreko astean hiru bankugaz sinatutako 200 milioi euroko zorraren jaulkipenari buruz sailburuak adierazo dau zorra beharrezkoa dala baliabide ekonomiko gehiago eukiteko. 50 urterako zorra da, epe luzerakoa. Azpiazuren arabera finantza erakundeek eta bestelakoek Jaurlaritzaren sendotasunean konfidantza handia dabe.  

 

 

Osorik irakurri