Hego Euskal Herrian inoz agertu dan hobi-komunik handiena topau dabe Bilbon, Begoñako hilerrian. Arantzadik hileon aurkitutako hilobiak lau atal daukaz eta bata bestearen ondoan 46 pertsonen gorpuzkinak agertu dira. 46 horreetatik lau agertzea itxaroten eben, lau horreen dokumentazinoa egoalako kanpo-santuko erregistroan. Gainontzeko 42 gorpuena sorpresa bat izan da horreen barririk ez eukalako inork. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak horretaz berba egin dau gaurko prentsaurrekoan.
Agertutako gorpuzkin gehienak 1937ko bagilaren 15etik 18ra bitartean Artxandako gudan burrukatu eben gudari eta milizianoenak dira.
Agirre Lehendakariak, Bilbo jaustear egoala jakinda, gudariak frontera bialdu ebazan Bilboko familiek eta zibilek Enkarterriruntz ihes egiteko denbora gehiago eduki egien. Gorpuen artean agertutako gudarien txapei esker San Andres eta Jean Jaures bataloietako kideak dagozala baieztau ahal izan dabe. Arantzadi Zientzia alkarteko kidea da Lourdes Errastik horri buruzko xehetasunak emon deuskuz.
Artxandako gudan hildako senitartekoren bat euki leikiela uste daben familiei Gogora Institutotik eurakaz harremanetan jarteko deia egin dau Aintzane Ezenarro Gogora Institutoko zuzendariak. Era berean Ezenarrok azaldu dau gorpuzkinen identifikazino osoa egin ostean gorpu batzuk familien esku geratuko dira eta beste batzuk Elgoibar edo Urduñako kolunbarioetara eroango dabezala.