Txinan substantzia kaltegarriak airetik ezeze, itsasotik eta lurretik be eraso egiten dabe. Gobernuaren estimazinoaren arabera, akuiferoen % 64 sano kutsatuta dagoz, eta antzeko zeozer jazoten da kostaldeko urekaz be. Orain urte bi gobernuak lurzoruaren azterketa zehatza egin eban. Igaz, apirilean, jaso zituen emoitzak, eta edukia Estadu sekretu izentau eben. Susmo onik ez dau emoten, ez.
Momentuz, abenduan zabaldu zanez, 3,3 miloe lur hektarea lar kutsatuta dagoz nekazaritzan erabilteko. Horrek esan gura dau herrialdeko lur landagarriaren %2 ezin daitekela erabili, baina zientzilari askoren eretxiz, azalera handiagoa da kaltetuta dagoana. Egoereak, ganera, txarrera egin dau. Ingurumena Babesteko Ministerioaren arabera, 2013ko kutsadura mailea azkenengo 52 urteotako txarrena da.
Batez beste, uriburuan Gobernuak ezarritako gehiengo kutsadura mailea bikoiztu egin da, eta 186 egunean kutsadura latza euki dabe. Shanghai moduko uriek be, kokapen geografikoa dala-eta kutsadura nahiko txikiagoa izan daben lekuek be, daborduko mugan dagoz. Txinako uriburu ekonomikoak abenduan errekorrera ailegau zan, 2,5 mikra baino gitxiagoko partikulen konzentrazinoak 600 metro kubikoak gainditu zituan, hain zuzen be.
Sun Xiaodong gazteak Txinako apokalipsi ekologikoa saihestu gura dau. Orain hamar urte natura-argazkilaritzan espezializau zan, eta orain bost bere irudiak egoerea salatzeko erabiltea erabagi eban. Nire lehenengo beharrekoa kostaldeko Zhejiang eskualdeako hezeguneetan egin neban. Handik bost urtera bueltau nintzan, eta egoerea benetan be tristea zan. Sikateak kalte ikaragarriak egin zituan, eta ezinezkoa zan lehenengo biajean topau nituan animali espezie gehienak topetea. Orduan konturatu nintzan zer egon jazoten nire herrian.
Sunek bertako jentea alkarrizketau eban, eta ikusitakoa baieztau eutsien: ez zan momentuko gauzea, hondatze jarraia baten emoitzea zan, eta itxuran, atzera bueltarik ez eukana. Arduratuta bueltau nintzan Shanghaira. Eta orduan, 2007an, hasi ziran argitaratzen gure politika ekonomikoak naturan zituan ondorioen inguruko albisteak. Horrek bultzatu eban, beste kide batzuekaz batera, Xihan Action sortzera. Gobernuz Kanpoko Erakunde honen helburua politikari eta enpresariek ingurumenean egindako gehiegikeriak salatzea da, eta Txinako biodibersidadea babestea. Txinatarrek ez daukie informazino nahikorik, hori da holokausto naturalak erantzunik ez eragitearen arrazoi garrantzitsuenetakoa. Guk hutsune hori bete nahi dogu.
Sun Txina osotik dabil, argazki-makinea aldean daukala. Ingurumenaren hondatzeari erretratuak ateraten deutsoz eta blog eta sare sozialetan zabaltzen ditu. Internet, batez be Weibo -txinatar Twitterra, 555 miloe erabiltzaile dituana- lehen ez eukan indarra emon deutso herriari. Txina ez da demokrazia bat, ezin geinke gure Gobernua aukeratu, baina orain posible dogu zeozelako kontrola izatea bere gain, eta erantzukizuna eskatu. Hori behin baino gehiagotan egin dabe, eta arrakastaz, ganera. Entzutetsuena urte hasierako ondoko hau izan da: politiko bati 100.000 yuan eskaini eutsiezan, 12.000 bat euro, Manuel Fraga Espainiako ministro zanak Palomaresen egin ebanaren antzera, herriko erreka lohian bainua hartzearen truke. Erreka horretan inguruko ehungintza fabriketako hondakin toxikoak isurtzen dira, jakina.
Eta, ez, ez eban eskaintzea onartu. Baina ziberespazioan handitzen-handitzen joan zan edur-boleak errekea ustelduta egoala onartzera behartu eban, eta enpresa erantzuleak zigortzeko plan bat egin eban izan eban. Zuhur ibiliko gara, bertako gobernuari agin deutsagu argazkien bide zjarraipena egingo dogula. Kontua ahazteko asmorik ez daukagula esateko modua da. Eta euren irudia hobetzeko aukerea be bada, gauzak ondo egiten baditue, jakina. Azken baten, Sunek badaki erregimen autoritario baten edozein aldaketak Gobernua kontuan hartu behar dauela.
Agintari txinatarrek onartzen dabe arazoa konpondu beharra dagoela lar berandu izan orduko. Ikerketa batzuen arabera, kutsadureak Txinari BPGren %7 eta %10 artean eroatean deutsoz. Lehenengo ministroa izan zan Wen Jiabao berak bere azkenengo prentsaurrekoan adierazo ebanez, Txinaren helburuan ezin daiteke izan asko haztea, baizik eta hobeto haztea. Garapen ekonomikoaren erritmoa nasaitzea gura dau esan -%7 bat espero dabe hurrengo hamarkadan-, zaharkituta dagozan industriak modernizetea eta ikatzagaz daukien menpekotasuna txikitzea, oraindino herrialdearen energia-beharraren %70 hartzen dau eta.