Herri tradizinoen ganeko musika, kanta, bideo eta irudien bildumea da Urtesasoiak.com webgunea. 1990eko hamarkadan Labayru Ikastegiak eta Ikastolen Elkarteak sortutako materialaren dau oinarri atariak. Ohitura eta ospakizunak urtaroen arabera sailkatu ditue, Gabonak, Arastusteak, Udabarri-udea eta Udagoiena. Eduki guztiak lau hizkuntzatan dagoz, euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.
Webgunearen aurkezpenean, besteak beste, Miren Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputadua, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidentea eta Adolfo Arejita Labayru Ikastegiko zuzendaria izan dira. Horrezaz gan, Etxepare Institutuko Mari Jose Olaziregi, Azkue Fundazinoko buru Iurdana Acasuso eta Bizkaiko Euskera zuzendari Ana de Castro be Bilboko Rekalde aretoan egindako ekitaldian izan dira.
Erakunde publiko eta pribaduen alkarlanaren garrantzia nabarmenduz hasi dau prentsaurrekoa Ariztondok. Izan be, Urtesasoiak.com Labayru Ikastegia, Ikastolen Elkartea, Etxepare Euskal Institua eta Azkue Fundazinoaren artean bultzatutako ekimena da.
Lau urte sasoietan dago banatuta webgunearen edukia: Oles eta oles (Gabonak), Hou Pitxo hou! (Aratusteak), Txulufrina eta arrosa (udabarri-udako jai-ospakizunak) eta Pinpirin eta Florian (udagoieneko ospakizunak). Gabonetako atala San Nikolas egunean hasten da, Marijesiak datoz gero, Gabonak, Inuzente eguna, Gabon Zahar eta Urtebarri, eta Erregenak. Herri kantak, tradizinoak, sasoiari lotutako zereginak eta Euskal Herriko bizimodua osotzen daben erritu, ohitura, sineskera eta abar jaso dira.