Adolfo Arejitak Bilboko Euskal Museoan emondako berbaldia da Aratusteak Bizkaian liburuaren abiapuntua. Labayru Ikastegiko Akaitze Kamiruaga, Igone Etxebarria eta Arejitak berak atondu dabe lana, liburua eta DVDa. Erraz irakurteko testuak eta irudi ugari ditu batak, eta lekukoei eta adituei egindako alkarrizketa laburrak besteak. Aratusteen jatorria, izenaren ingurukoak, ezaugarriak, aurreko jaiak eta herriz herri jasotako informazinoak osotzen dabe lana. Geureak-Herri ondarea bildumako hirugarren alea da.
1.- Aratusteak, inauteriak, karnabalak... zelan esan beharko geunke?
Bizkaian momentu honetan zabalen dabilena Karnabal berbea da. Adolfo Arejitak dinoanez, formarik zaharrena, erromantzetik egin zan itzulpena Aratisteak da. Karnabal gaztelaniazko Carnestolendas-etik dator, haragi ixtea esan gura dau. Formarik zaharrena Aratiste izanda be, zabalduena Aratuste da. Baina, Uribe Kostan adibidez, berba batzutan lehengo formea gorde da, Basaroste esateko oraindino basabatiste edo basaratiste esaten da eta.
Karnabal, inauteri, aratuste, danak dira onak. Umeek orain Inauteriak dinoe, eskolan esaten deutsiena da eta, batuaren eraginez hori da gehien erabilten dana. Bizkaiko formatzat, dana dala, Aratuste hartzen da.
2.- Liburu eta DVD honen oinarria lekukotasunak dira, ala bestelako iturriak be erabili dozuez?
Egin doguzan ikerketa eta grabazinoetan oinarritu gara, asko lehenagotik eginda geunkazanak. Herri ondarea lantzen dauen sail bat daukagu eta urte asko daroaz grabazinoak egiten han eta hemen; batzutan Udalakaz daukaguzan hitzarmenen bidez egin doguz, eta beste batzutan gure kontura. Halanda ze, lehendik geunkazan grabazinoak erabili doguz, lekukoen azalpenak-eta, baina DVDa osotzeko bestelako materiala behar genduan, horregaitik azkenengo urte bietan herriz herri ibili gara Karnabalak eurak grabetan.
Mundakako Marroak, Gernikako Marroen aurreskua, Durangoko Surrandiak... hainbat kontu batu doguz. Testu eta lekukotasunez aparte, benetako irudiak behar genduzan, zelan ospatzen dan erakusteko.
3.- Zeuon informatzaileak sasoiko andrak eta gizonak izan dira, ala gazteak bere bai?
Bai, gehienak gerra aurretxuan edo ostetxuan jaiotakoak dira. Bitxia da herri batetik bestera zelango aldea dagoan, gora-behera handiak ikusten dira kontetan dituen testigantzetan. Kasu baterako, Mundakan eten barik ospatu dira Karnabalak, marroak diktadura sasoian be urteten ziran, baina beste herri batzutan ez egoan ezer. Ume eta gazte denporatan jente askok ez eban Karnabalik ospatu, guztiz galarazota egoalako. Herri batzutan, asko jota, baten batek arpegia margoztu egiten eban, edo arpegia tapauta urteten zan. Herriaren arabera alde handiak dagoz.
4.- Gerreak eta diktadureak tradizinoa bertan behera ixtea ekarri eban. Kalte handia egin eben, ezta?
Gerrea etorri zanean hori dana suntsitu eban, eta euskerea bera be bai. Gerra aurrean egon zan Pizkundearen sasoian, euskerearen mundua eta kulturan mobimentu handia egon zan, baina gerreagaz dana debekatu zan. Karnabalen ezaugarrietako bat da Garizumeagaz kontrajarritako sasoia dala, baina diktadureagaz dana zanez eleizea, dana araua, dana zorrotz bete beharreko legeak... Karnabalak horren kontrakoa dira; musikea, jantzea, gehiegikeriak, legez kanpo jokatu ahal izana, arauak apurtzeko egunak dira. Leku batzutan guztiz debekatuta egozan.
5.- Arau bako egunak baziran, Eleizea eta agintariak ez ziran pozik egongo, jakina.
Karnabaletan arpegia tapau egiten zan, inork ez ekien nor zinan, eta seguruenik anonimatoa aprobetxau egiten zan gehiegikeriak egiteko. Eta hori zan ebitau gura zana. Kritikea egiteko garaia be bazan, rolak apurtuteko garaia; gizonak andra jantzita, eta andrak gizon neurri txikiago batean, gitxiago ibilten ziran eta.
Pobreak ziranak gizon aberatsen moduan jazten ziran, kapelak ipini eta bibotea pintauta. Egun batez besterik ez bazan be rolak apurtu egiten ziran, behe mailakoak goiko mailara igoten ziran, eta hori danori ez zan agintarien gustukoa.
6.- Gerraostean Karnabaletako ohitura asko galdu egin ziran, eta beste batzuk berreskuratu. Zeintzuk ez ziran galdu?
Jarraian, eten barik, Mundakako marroak, Markinako karnabalak be nahiko ondo mantendu dira. Markinan hartza ataraten dabe, eta jantza berezi bat egiten da. Herri askotan jentea mozorrotu egiten da, baina herri batzuetan modu berezian egiten dabe. Horreek batu doguz guk liburuan. Durangon, berbarako, Surrandiak berreskuratu dira. Antza, guk jasotako informazinoagaitik eta Gerediagak egindako ikerketen arabera, Surrandiak plaza inguruan ebilzan, baserritarrak jeneroa saltzen joaten ziranean, eta jentea ikaratzen ibilten ziran. Personaje surluzeak ziran, arranakaz joiazan eta ardi narruagaz. Hori galduta egoan, baina jantza taldekoek berreskuratu egin dabe. Behar hau egin arte nik entzun barik neukan.
7.- Trapagaranen be badabilz zeozertan, ezta?
Bai, Carrascoliendas izenekoa berreskuratu dabe han. Hasieran, Gaztetxeko gazteek eta jantza taldekoak hasi ziran arakatzen, aitita-amamei galdetzen. Kopla batzuk berreskuratu ditue, ganera. Etxerik etxe ibilten dira eskean. Carrascoliendasek gero eta indar gehiago dauka herrian. Baina bertan apurka-apurka ezagutzen doazen arren, jenteak ez dauka horren barririk, eta antzera Gernikako Marroen aurreskuagaz, eta beste hainbategaz. Bizkaiko ganerako herritarrek badakie egiten diranik be? Hori da guk gura doguna egin, herriotako ohiturak jenteari hurreratu.
8.- Bizkaiko aratusteak ez dira oso ezagunak, Bizkaian be ez. Nafarroakoak, barriz, zabal ezagutzen dira. Zer dala eta?
Bizkaian ezagunenak Atorrak, eta azkenengo urteetan Lamiak bere, dira. Atorrak baino Marroak dira, holan esan deuskue, atorra dala jazten dabena ez euren ozena. Askoz ezagunagoak dira, bai, Tolosakoak edo Nafarroakoak. Hor ez dira galdu, ez da etenik egon.
Nafarroakoak herri txikietako inauteriak dira, Lantz, Zubieta, Ituren... Herri txiki eta apur bat isolatuak dira danak. Kanpoko eragin gitxiago izan dabe. Bizkaian, barriz, industrializazinoa eta kanpotik etorri zan jente guztiagaz gatxagoa izango zan ohiturak gordetea. Nik uste dot hortik doala azalpena, baina ezin deutsut seguru esan.
9.- Lantzekoak, Iturenekoak, Markinakoak... horreek aratuste ruralak dira, baina Tolosakoak urbanoak izango dira, ezta? Zein da aldea?
Tolosakoak urbanoak dira, bai. Herri osoak hartzen dau parte, balkoiak apaindu egiten dira, jentea taldeka urteten da mozorrotuta... Igual herriko jaiak eurak baino egun inportateagoak dira. Karnabalak jatorriz eukazan ezaugarriak galduta dagoz, herri handia da, beste era batera egiten dabe. Karnabal urbanoa da, Bilbokoa lez. Karnabalak berez hasieran euken jatorria bestelakoa zan, sustraia Garizumegaz kontrajarritako sasoia izatea zan, araurik ez egoan egunak. Horreek danak galduta dagoz. Karnabalak mantentzen dira, folklorizazino maila bat be badago, eta neurri baten horregaitik be mantentzen dira.
10.- Karnabalak aldatzen doaz, ohitura biziak dira liburuan agiri danez.
Ezin geinke jakin hemendik urte batzutara ze barrikuntza edo ze nobedade etorriko dan, baina argi dago ohiturak eurak moldatu egiten dirala gizarteak aurrera egin ahala. Bizimodua bera aldatzen dan neurrian, ondarea eta Karnabalak aldatzen doaz.
Bilbon bertan, Karnabalak ospatzen hasi ziranetik, personaia berezi batzuk aukeratu zituen, Farolin eta Zarambolas. Orain urte gitxi Bedelfatoak asmau zituen, bedel eta azafato arteko nahasketea. Gauza barria da. Eta akaso beste personairen bat agertuko da, eta igual aurrekoak baino indar gehiago hartuko dau.
Mundakan lamien lehenengo urtean gitxi batzuk batu ziran, baina denporeagaz garrantzi handia hartu dabe. Durangoko Surrandiekaz be apurka-apurka badabilz. Jenteak ikusten ditu, indarra hartzen dabe, eta inplikau egiten dira. Trapagaranen, Gaztetxekoak hasi ziran, gero musikariak, gero jantza taldekoak... eta gaur egun plaza bete jente batzen dabe.
11.- Aratusteen ziklo osoa hartu dozue beharrean, San Anton egunetik hasita.
Inauteriak ziklo lez hartzen dira, Errege ostetik Hausterregunera arte. Aurretik jai batzuk dagoz, San Anton, San Blas, Santa Ageda... eta horrek danak Karnabalakaz lotzen doguz. Eta badagoz beste ospakizun bi, karnabal aurretxukoak, Basaratoste eta Eguen Zuri. Karnabalak, zehatz, domekan hasi, astelehen eta martitzena dira. Gaur egun, baina, beste modu batera mobiduten gara, jentea kalera urteteko-eta, parranda apur bat egiteko, zapatu-domekeak hartu dau garrantzi handiagoa martitzenak baino.
Basaratoste eta txitxiburruntzia ohitura nahiko orokorra izan da, gure informatzaile danak ezagutzen dabe. Ume kuadrilak basora joaten ziran txitxiburruntzia jaten; sua egin, eta egurrezko zotz luze baten txorizoa, urdaia edo dana dalakoa erre. Eguen Zuri, barriz, Durangaldeko ohiturea da, hango lekukoek kontau deuskue. Elorrion, Durangon, Abadiñon, Berrizen... batu dogu informazinoa. Abadiñon berreskuratu egin dabe eskola askotan.
12.- Liburuaren ondorioetan badinozue globalizazinoaren sasoian sano garrantzitsua dala norbere identidadea gordetea.
Zure herriko Karnabala badaukazu, alboko herrietakoen aldean desbardina, bere ezaugarriekaz, garrantzi handiagoa emoten deutsazu. Mozorro berezi batzuk badaukaguz, ez inguruko mexikar edo indiar jantziak, gure kantak eta musikea... indarra hartuko dau. Trapagarango gazteek argi ikusten eben, Enkarterrin isla baten antzera egozan, ez egoan ezer, dana galduta. Ez euken ezer esateko, gu herri honetakoak gara, eskualde honetakoak. Identidade marka bat behar eben. Harri-zulatzaileak berreskuratu ditue, Carrascoliendasak; gauza batzuk galdu bai, baina beste batzuk ekarri ditue.