Urko Aristi kazetariak hartu dau Mikel Irizarren lekukoa Tokikom-en presidente karguan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko ots. 24a, 00:00

Tokikom, toki komunikabideen bateraguneak Batzar Nagusia egin eban zapatuan MUren Aretxabaletako komunikazino kanpusean. Toki komunikabideek orain urte bi alkartea sortu ebenetik egindako bidea errepasau ondoren, egitasmoa sendotzea erabagi eben batzarrean.

Mikel Irizarrek gogorarazo dauenez, Tokikom eratu genduanean, bi urteko epea emon geuntsan egitasmoak etorkizunik ba ete eban jakiteko. Egindako bideari erreparauta, argi daukagu Tokikomek hartu dituala lekua eta funtzinoa. Sorrerako hiru helburu nagusiak, eta egindako lanak ekarri ditu gogora gaur arte presidentea izan danak:

• Esparru komunen kudeaketea: Tokikomek pausu emonkorrak egin ditu alor honeetan. Nabarmenena, tokiko agerkari digitalak sortzeko garatu dauen plataformea –CodeSyntaxek egina- azken urtean bost agerkaritarako erabili dana: ataria.info, guaixe.net, goiena.net, anboto.org eta datorren astean aurkeztuko dan uriola.info. Alkarteak hutsune nabarmenak ditu oraindino kudeaketa komertzial bateratuari jagokonez, eta bide horretan barrikuntzea lantzeko arloak dagoz onartu dan Kudeaketa Planean.

• Solaskidetza bateratua: alkarteak tokiko hedabideen ordezkari legez jardun dau erakunde publiko eta pribatuen aurrean, baita sektoreko beste eragileen aurrean be. Besteak beste, parte hartze oso aktiboa izan dau Hekimen alkartearen sorreran eta lehen txanpan, eta erakundeakaz lankidetzea egonkortzeko bideak jorratzen dabil Tokikom.

• Garapen eta integrazino posibleen diseinua: gogoetearen aldetik be Tokikomek aurrerapausu handiak egin ditu. Nabarmenena, 2013ko zemendian aurkeztu eban Euskal hedabideen etxea gogoetea, sektore osorako tresna lez pentsau dana, eta ondorio ezin interesgarriagoak jasoten dituana.

Egindakoa oinarri eta eskarmentu, Tokikomen hasierako egitasmoa zehaztea onartu da batzarrean. Abiatze fasea gaindituta, erakundearen garapen bideak eta negozio eredua zehaztuko dira, eta egindako gogoetea ekarriko da epe ertaineko plan batera. 2014 beraz, alkartea sendotzeko urtea izango da.

Fase barri honi begira, Tokikomek aldaketak egindo ditu bere organo nagusietan. Presidentetzea Urko Aristiren esku itxi dau Mikel Irizarrek, eta Administrazino Kontseilua handitu egin dau, 8 lagunetik 12ra, organoaren errepresentatibidadea eta bazkideakazko komunikazinoa hobetu asmoz.


Tokikom plataformea, zabaltze fasean

2014an jarraitu egingo dau Tokikom plataformearen zabalkundeak, bi helbugaz: toki komunikabideen bateratzea eta eraginkortasuna areagotzea, alde batetik, eta bestetik herritarrak eta gizarte erakundeak aktibetea informazinoaren sortzaile be izan daitezan. Aurreikuspena da beste bospasei zonaldetan agerkariak abiatzea eta, besteak beste, Uribe-Kosta, Iruñerria eta Nafarroako Mendialdea aitatu dira batzarrean.

Agerkari barriak egiteaz gan, dagoeneko abiatu diranak alkarregaz saretzeko urtea izango da 2014a, txikien baturatik emoitza handiak lortu daitekezalakoan. Azpimarratu dabenez, ahalegin handia egingo da Bilbon datorren astean aurkeztu behar dan uriola.info agerkari digitala indartzeko, eta bardin Iruñerrian oraindino diseinu fasean dagoana gauzatzeko, bi uriburu horreetan toki komunikabide sendoak egotea estrategikotzat jo dabelako euskaltzaleak azaleratzeko eta saretzeko.

Tokikom SL 2012an sortu eben 20 toki komunikabidek, eta gaur egun Euskal Herri osoko 27 eragilek osotzen dabe. Guztien artean, formatu eta euskarri guztietako 47 komunikabideko sarea osotzen dabe.

Mikel Irizar: Bi urteotan bide ona egin dogu, eta oinarri on bat jarri da Tokikomek aurrera egin daian. Lehen txanpa indartsua izan da; orain egindakoa sendotu behar da eta epe ertaineko plan bat landu. Uste dot badagoala aukerea euskal hedabideak lankidetzan jarteko eta horretarako oso mesedegarria izango da alkartea indartzea. Esku honetan geratzen da ontziaren lema.

Urko Aristi: Mailope lako alkarte txiki baten ordezkari naizen neurrian badakit zein beharrezkoa dan danak alkartu eta sinergiak sortzea. Eta fiilosofia horretan kide guztiak bat datozenez, badakit marinel guztiak norabide bardinean joango dirala eta lan erraza izango dauela patroiak. Orain arte Irizarren gidaritzapean egindako bideagaz guztiz ados egonik, norabide bardinean jarraitzeko konpromisoa hartzen dot, dagoeneko abiatutako egitasmoak sendotu, eta beste ekimen barriak abiarazoz. Esangura horretan pozik nago batez be Nafarroan agerkari digital zein euskerazko telebista barriaren asmoak laster gauzatu, eta trabak traba, ames izatetik errealidade bihurtzeko bidean diralak.

Osorik irakurri