Magnolia Route izeneko lana argitaratu dau Leioako seikoteak, blues musikan oinarrituta, AEBetako musikearen doinuak batzen dituan diskoa. Hamar abestiko bilduman, era askotako estiloak jorratzen ditue. Kolaboratzaile ugari izan ditu disko honetan Travellin´ Brothersek eta, aitagarrienak, Leioako Kantoria abesbatzako 14 neskak, gospel koruak egiten lagundu dabe eta. Magnolia Route martiaren 7an aurkeztuko dabe zuzenean, Bilboko Kafe Antzokian.
Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko arduradunek azpimarratu dabenez, 'Travellin´ Brothers Euskal Herriko Blues Taldea da, letra larriz, estilo horretako adierazgarriena dalako'. Hamar urteko ibilbidea egin dau dagoeneko taldeak eta, urteurrena ospatzeko, seigarren diskoa aurkeztu dau, Magnolia Route. 1920ko hamarkadan Chicago eta Mississipi lotzeko eregi eben errepidearen izena da Magnolia Route eta, izenburu hori aukeratu dabe, eurek be bidaia egin nahi izan dabelako Estadu Batuetako musika estiloetatik. Errepideak Chicago, Nashville, Memphis edo New Orleans lako uriak batzen zituan legez, eurek amerikar musikearen aniztasuna batu nahi izan dabe. 'Estadu Batuetako musikearen erroetara egin dogu bidaia', adierazo dau Aitor Cañibano taldekideak, 'musika tradizionalaren alderdi guztiak ikertu doguz'. Holan, Magnolia Route, disko anitza da, abesti bakotxak estilo desbardin bat erakusten dauelako. Hori bai, oinarria beti da blues musikea.
Hamar abestiko bildumea da Magnolia Route. Cañibanoren arabera, 'geuk egindako kantak sartu nahi izan doguz eta, beraz, diskoko bederatzi geureak dira; dana dala, Bonus Trackean geurea ez dan abesti baten bersinoa sartu dogu, gospel kantu tradizional bat hain zuzen'. Kolaborazino ugari euki ditue, 'lagun izan dogun musikari bakotxak bere ikutua emon deutso abestiari'. Gospel erako koruak egiteko, kolaborazino berezi bat be euki dabe, Leioako Kantoria abesbatzaren eskutik. 'Akaso autentikoagoa izango zan Ameriketatik koru tradizional bat ekartea, baina guk nahi izan doguna da, hango soinua hona ekarri eta hemengoakaz geure estiloa bilatu', dino Aitor Cañibanok. 'Gu ez gara baltzak, ez gara amerikarrak, gu ez gara esklabo izan, beraz, guk geure ikutua emoten deutsagu hango musikeari; soul ona egiten ahalegindu gara, baina Euskal Herrian egindako soula'.
Kalean da, beraz, Travellin´ Brothersen lan barria, AEBetako musikatik ibilbide interesgarria dakarrena. Zaleek, martitik aurrera, biniloan be eskuratu ahal izango dabe Magnolia Route. Aitor Cañibanok azaldu dauenez, 'disko bakotxa abentura barri bat da guretzat, baina gure ingurune naturala bluesa da'. Diskoa, zuzenean, martiaren 7an aurkeztuko dabe, Bilboko Kafe Antzokian. Cañibanoren arabera, 'zuzeneko batzuetan 30 personatik gora atarako doguz oholtzara, kolaboratzaileak, koruak eta abar eroango doguzalako; erronka gatxa izango da horrenbeste personagaz kontzertua emotea, baina polita izango da, diskoko soinu guztia eszenatokira eroango dogu'.