Manuel Rivas izango da 'Eztabaidak Literatureagaz' ekimenaren hurrengo protagonistea

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko ots. 20a, 00:00

Eztabaidak Literatureagaz ekimenaren VII. edizinoaren bigarren topaketeak Manuel Rivas idazle galiziarra ekarriko dau Bidebarrieta Kulturgunera. Ekitaldia datorren martitzenean, zezeilaren 25ean, izango da, arratsaldeko 19:30ean. Moderatzaile lanak, barriz, Iñaki Valencia irakasleak egingo ditu.

Rivasek eta Valenciak alkartasunezko idazketearen ganean berba egingo dabe: alkartasunaren balioakaz lotutako kasuak, jazoerak eta egoerak kontetako orduan idazle galiziarrari gehien eragin deutsien egileak, Vicente Ferreren inguruan egin dauen lana eta haregaz izan zituan loturak, baita literatureak eta idazleak/kazetariak konpromiso eta alkartasun gehiago izango dauen gizartearen bilaketan bete beharreko lana lako gaiak jorratuko ditue.

Manuel Rivasek (A Coruña, 1957) 15 urte zituala topau eban kazetaritzearen mundua, El Ideal Gallego egunkarian egin eban lanari esker, eta gaztetan bere Galiziari agur esan eta Madrilera joan zan Informazinoaren Zientziak ikastera. Kazetari lez, konpromisoa erakutsi dau beti gizarteagaz eta ekologiagaz lotutako arazoen aurrean; Greenpeace erakundeko bazkide sortzaile izan zan, eta alor horretan aurrera eroan dauen jarduereak oihartzun handiagoa hartu eban Prestige itsasontzia urperatu zanean eta jazoera harek izan zituan ondorioen ondoren. Gaur egun, Galiziako literatura garaikidearen ahots garrantzitsuenetakoa da; hizkuntza oso ondo menperatzen dauenez eta bere istorioek samurtasun handia erakusten dabenez, bere lanek gero eta zale gehiago ditue mundu osoan. Bere Todo é silencio (2010) lana Hammett sariaren finalista izan zan, polizia eleberri baltzen kategorian. Horrezaz gan, bere lanetako batzuk zinemarako moldatu ditue, ¿Qué me quieres amor? eleberriaren barruan dagoan La lengua de las mariposas kontakizuna, José Luis Cuerdak zuzendua, edo Antón Reixak zuzendu eban eta Goya Sarietarako aukeratua izan zan El lápiz del carpintero, adibidez.

Iñaki Valencia (Bilbo, 1971) Ekonomia eta Enpresa Zientzietan Lizentziatua da Deustuko Unibersidade Komertzialean, eta Nazinoarteko Garapen eta Lankidetzan eta Nazinoarteko Ekonomian eta Garapenean Diplomatua UPV/EHU-tik; Europa mailako trukaketa (Comenius) eta ingurumen hezkuntza alorreko (Agenda XXI) egitasmo ugaritan hartu dau parte.


Zazpigarren edizinoa

2007ko urtarrilean, Eztabaidak Literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak idazle bikoteen arteko alkarrizketak jaso ditu, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte, besteak beste.

Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleakana hurreratzeko era barria izan da, jentaurreko alkarrizketearen edo eztabaidearen bitartez, aurretik proponidutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literatureagaz alkartzeko topalekua eskaintzea izan da, zeharkako ikuspegitik letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitekturea, musikea edo matematikak, besteak beste), edo literaturearen genero batean oinarrituz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.

Osorik irakurri