Eibarko Kezka Jantza Taldearen eskutik, koko-jantzari eta koko-marru konparsearen eskutik, Aratuste giroan, aurten, zezeilaren 22an, kalez kale eta baserriz baserri ibiliko dira.
Egitarauari jagokonez, goizeko 8:30ean, Eibarko merkatu plazan egingo dabe eguneko lehen agerraldia. Koko-eskea egun osoz izango da eta 50 lagun inguru izango dira bi taldetan banatuta eta 25 baserri inguru bisitauko ditue: Mandiola aldeko baserri batzuez gan, Urrintxo, Altzerreka, Zumaran, Mendibil, San Roman, Larrañeta, Iterixa, Abuaga azpiko eta gainekoak, Suinaga eta Suinagatxo, Gorostiaga, Arizpe, Atxekoa, Agarre, Orbesoraen, Agina gaineko eta azpikoa eta Arandotar bost baserriak.
Arratsaldean, barriz, 19:00etatik aurrera, Anbulategiko parkean batuko dira eta ondoren Eibarko kaleetan ibiliko dira koko-jantzariak Elgoibarko Mauxitxa txarangeak lagunduta. Eibarren ibilten diran koko-jantzari eta koko-marruak herrikoak bertakoak dira, berezkoa dabe eta bereziak dira, baina halan da be inauteriaren espiritu tradizionalean eta europarrean oinarritukoak doguz, bete-betean txertatzen dira testuinguru horretan. Holan gorpuztu ziran mamarruak, burburixuak, masustak, aixerixak, hartza, Petra eta Maria, Don Eusebio, Kattalin eta Manuela, Batista kojua, Arrateko Ama-Birjinea, Martin Perratzailia, sasi-kartia… eta koko-jantzariak eta euren makil-jokoa.
Horrezaz gan, zezeilaren amaierara bitartean, koko-jantzen eta kaldereroen inguruko argazki-erakusketea dago zabalik Eibarko Klub Deportiboko tabernan. Kaldereroen konparsak alde batetik eta koko-jantzek bestetik daroen ibilbidearen zenbait zertzelada erakutsi ditu Deporreko Argazkilaritza batzordeak. Besteak beste, Fernando Retolaza, Felipe Loiola eta Iñaki Zugastiren argazkiak dagoz ikusgai, tarteka kalderero eta koko-jantzen inguruko gora behera edo azalpenen bat jasoten daben testuek lagunduta.