Euskadiko Orkestra Sinfonikoak akelarretako eta bildurrezko musikea eskainiko dau

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko ots. 27a, 00:00

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) abonu denporaldiko zazpigarren programeari ekingo deutso datozen egunotan eta akelarretako eta bildurrezko musikeari emongo deutso protagonismoa, Jose Miguel Perez Sierraren zuzendaritzapean. Zazpigarren programa hau osotzen daben kontzertuak, zezeilaren 28an eta martiaren 3an Donostiako Kursaalean, 4an Bilboko Euskaldunan, 10ean Gasteizko Principal Antzokian eta 11an Iruñeako Baluarten izango dira.

Holan, Operaren Lagunen Bilboko Alkarteko (OLBE) denporaldian Bizeten Carmen interpretau ostean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Akelarrearen barruan izenburuko egitaraua aurkeztuko dau, bildurrezko musikea ardatz harturik. Esangura horretan, La Dama de Urtubi igaz hildako Pascual Aldave konpositore nafarraren Akelarre obrearen bigarren zatia, Modest Mussorgskyren Gaua mendi soilean Rimsky-Korsakoven bersinoan, eta Tchaikovskyren Francesca da Rimini fantasia sinfonikoa interpretauko ditu.

Kontuak kontu, Jose Miguel Perez Sierra madrildarra izango da zuzendari konbidadua. Gabriele Ferroren laguntzaile ibili zan Napoliko San Carlo antzokian, Palermoko Massimo antzokian eta Madrilgo Teatro Real antzokian. 2005ean egin eban debuta Galiziako Orkestra Sinfonikoa zuzenduz, eta nazinoarte mailan, barriz, 2006. urtean, Pesaroko Rossini Opera Festival jaialdian Il Viaggio a Reims zuzenduz. Ordutik Espainia, Italia, Georgia, Portugal eta Uruguaiko orkestra garrantzitsuenak zuzendu ditu, errepertorio sinfonikoa zein lirikoa landuz.

Oraintsu Rossiniren Ricciardo e Zoraide operea grabau dau Naxos diskoetxearentzat. Orain urtebete zuzendu eban lehen aldiz Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, orduan be abonu denporaldiaren barruan, egitarau sinfoniko koral batean, Rossiniren Stabat Mater tartean zala.

Osorik irakurri