Bizkaiko Foru Aldundiko Zaharbarrikuntza Arloak San Jorgeren erliebea konserbau eta lehengoratzeko lanak egin ditu Sandamendiko baseleizan, Gordexolan. Obra hau zaharbarritzeko tratamenduak 2013. urtean zehar egin dira.
Francisco Martinez de Arcek egin eban obrea, 1672an. Bizkaian eta Kantabrian XVII. mendearen azken laurenean jardun eben eskultore barrokoetatik garrantzitsuena da Martinez de Arce, foru erakundeko iturriek adierazo dabenez.
San Jorgeren irudia erdi-erliebean landuta dago intxaur zurean, polikromautakoa da eta hainbat aldiz birmargotu dabe. Zurezko bi piezak osotzen dabe erliebea, miru-buztan batez mihiztauta, burdin forjatuzko antxinako bi untzek eusten deutsela. Irudiak 1,14 metroko altuerea dauka eta 1,03 metroko zabalerea.
San Jorgeren erliebea santu horren izeneko baseleiza batean egon zan. Baseliza hori desagertu zanean irudia modu baldarrean lotu eben San Andresen erretaularen atikoan, eta ordutik bi santuek tenpluaren titulartasuna konpartiduten dabe.
Erliebea konserbau eta zaharbarritzeko lehenengo lanak 1995-1996 urteetan egin ziran. Hasteko, oinarrizko lanak egin ziran: gainazala garbitu, insektuak kendu, polikromia finkatu eta ez oso aspaldi pintura industrialez emondako margo-geruza guztiak kendu. Gero, esku-hartzea amaitzeko, kolorebakotutako guneen lehengoratze kromatikoa egin zan.
Piezearen konserbazino egoerea oso delikatua zan, izan be, inguruko hezetasunaren eta zuzenean sartutako uraren eraginez, polikromia euskarritik askatuta egoan. Horregaitik, margo geruza guztiak behar bezela finkatuz hasi da esku-hartzea. Gero aztertu egin dira bata bestearen gainean egozan polikromia guztiak, horreen konserbazino egoerea eta kronologia.
Obrea konserbau eta zaharbarritzeko esku-hartzea ahalik eta txikiena izan da. Beharrezkotzat joten zan obrearen ikuspegi orokorra lortzea, eta horretarako erabagi da gainjarritako margo geruza batzuk kentzea, osotasunaren irakurketa kronologiko homogeneoa sortu guran.
Holako obrei eta oro har ondasun higigarriei erasaten deutsen patologia nagusiak hainbat muetakoak dira, bai intrintsekoak zein estrintsekoak: objektua kokatuta dagoen higiezina, barrualdeko hezetasun erlatiboa eta tenperaturea, higiezinaren konserbazino baldintzak, horreek guztiek eragin handia izango dabe oberaren konserbazinoa egokia edo txarra izateko.
Obran beren aztarnea ixten daben eragileak be hainbat dira: egileak erabilitako teknikea, alkarreraginean dagozan material askotarikoak, material horiek zahartu ahala izaten diran aldaketa kromatikoak, polikromia altzetea, zatiak askatzea eta, horreekaz guztiakaz batera, kanpoko degradazino faktoreak, besteak beste, insektu xilofagoen erasoak edo prestakuntzarik bako langileen esku-hartze ezegokiak.