Xabier Lete, Bitoriano Gandiaga, Joseba Sarrioanandia eta Beñat Sarasolaren berbak musikatu ditu Mikel Karton musikari donostiarrak Protesta ahotsa lanean. Abenduan argitaratu eban diskoa, eta orain jentaurrean aurkezten dabil. Hurrengo emonaldia martiaren 1ean izango da, Donostiako Kortxoenea gaztetxean, 14:00etan.
Euskal Herrian idazle oso onak dagozala-eta, euren berbak erabili ditu Kartonek, baina batzuk moldatu be egin ditu, musikatzeaz aparte. Testuekaz olgetea gustetan jakola dino musikari donostiarrak. Dana dala, diskoko hamahiru kantetatik sei berak idatzitakoak dira.
Gandiagaren olerki bi batu ditu diskoaren izenburu bera daukan kantan. Eta antzera jokatu dau Leteren Euskalerri nerea eta Gandiaga beraren Gure herrian biz auzo dira abestiekaz, eta emoitzea Euskalerri kantea da. Mario Benedettiren Non dago nire Herria poemea be sartu dau diskoan.
Euskerea eta Euskal Herria ditu kantagai Kartonek, eta poema asko aspaldikoak izan arren gaurkotasunik ez dabela galdu uste dau. Bestelako gaiak be topauko doguz donostiarraren lanean, hartu-emonak, bizitzea eta abar.