Kimuak egitasmoaren 2014. urteko edizinora film laburrak aurkezteko epea zapatu honetan, martiaren 1ean, edegiko da, eta maiatzaren 30era bitartean egongo da zabalik. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Etxepare Euskal Institutuaren bitartez eta Euskadiko Filmategia Fundazinoaren laguntzinoagaz antolatutako programeak euskal film laburren sustapena eta banaketea dau helburu.
Horretarako, zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bialduko den katalogo bat argitaratuko da, eta aukeraketan parte hartu nahi daben zuzendari edo produktoreek, 30 minututik beherako iraupena daben lanak bialdu beharko ditue. Parte-hartzaile bakotxak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betibe 2013ko bagilaren 1etik aurrera osotutakoak badira.
Bestalde, programearen arduradunek jakinarazo dabenez, beharrezkoa izango da zuzendariak edo produktore nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egoitzea izatea. Hautagaitzea zuzendariak aurkezten badau, gitxienez deialdia argitara emon baino urtebete lehenagotik EAEn erroldatuta dagoala egiaztatu beharko dau, edo bertan bost urtez jarraian edo hamar urtez tarteka bizi izan dala. Film laburra produktore edo produkzino etxe batek aurkezten badau, EAEn izan beharko dau egoitzea, eta lana bi enpresa edo gehiagoren arteko koprodukzinoa bada, EAEko produktoreak gehiengoa dauen bazkidea izan beharko dau.
Ez dira onartuko zinema-aretoetan estreinautakoak izan diran edo telebistaz, internetez edo beste edozein plataforma publikoren bitartez zabaldutako film laburrak. Era berean, lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izatea onartuko da. Deialdiaren oinarriak eta izena emoteko formularioa kimuak.com webgunean dagoz eskuragarri.