Jakin aldizkariko zuzendaria eta euskal kulturgintzan erreferentzia diran hainbat lanen egile da Joan Mari Torrealdai bizkaitarra. Martin Ugaldegaz eta Joxemi Zumalabegaz batera Egunkaria Sortzen taldean bozeroaile izan zan euskerazko egunkaria sortu aurreko hilebeteetan. Egunkaria kalean egoala, Martin Ugalde Administrazino Kontseiluko kide zala, Kontseiluko Editorialeko lehendakaritzea hartu eban Torrealdaik. Urteak egin zituan kargu horretan, Martin Ugalde Administrazino Kontseiluko ohorezko lehendakari izentau ebenean Kontseiluko lehendakaritzea hartu eban arte.
Jakin aldizkariko zuzendaria da 1977tik. Lehenago be, 1967-1969 aldian, Jakineko zuzendaria izan zan; Espainiako Gobernuak galarazo egin eban hedabidea 1969an. Barriro han buru jardun aurretik, 1974tik Anaitasuna astekariko zuzendaria izan zan.
Jakinen 1977tik urtez urte argitaratu dituan euskal liburu produkzinoaren azterketa eta katalogoa erreferentzia dira euskal liburugintzan. Aldizkarian urteroko produkzioaren barri emoteaz gain, XX. mendeko euskal liburu guztiak katalogatu ditu (1993an XX. mendeko euskal liburuen katalogoa kaleratu eban).
1977an, Euskal Idazleak Gaur liburua kaleratu eban, eta handik hogei urtera obra haren jarraipentzat jo daitekeena: Euskal Kultura Gaur. Martin Ugalderen alkarrizketa biografikoaren egilea be bada (Martin Ugalde, Andoaindik Hondarribiara, 1998), baita euskerearen eta euskalgintzearen kontrako erasoak jasoten dituan El Libro Negro del Euskera (1998) liburuarena be.
2000an, Artaziak-euskal liburuak eta Francoren zentsura 1936-1983 liburua argitaratu eban, 2004an, Imanol Murua, Gipuzkoako alkate. Bost urte geroago, Imanol Murua Uriagaz batera Euskaltzaindia, Ekin eta Jarrai lana plazaratu eban, erakundearen 90. urtemugan.
Teologian, Gizarte Zientzietan eta Informazino Zientzietan lizentziaduna. Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktorea da. Frankismoko zentsureari buruz egin eban tesia (Gobernu zentsurea eta euskal liburua 1936-1983), eta gaiari buruz hainbat liburu argitaratu ditu, euskeraz nahiz gazteleraz.
Euskaltzain osoa da 2007ko zemendiaren 30etik, eta 2009ko urriaren 31n egin eban sarrera berbaldia, Foruan (Bibliografiatik Bibliotekara. Esperantzari leihoa).
1.- Aurten 58 urte beteko dira Arantzazun Jakin aldizkariaren lehen zenbakiak argia ikusi ebala; 45 uritartu, modernotu eta arnasbarritu zala; eta 37 Joan Mari Torrealdai buru dauen taldeak eten barik zuzendu eta gidatu dauela. Badira urte batzuk. Igarten dozu nekerik?
Bai, horixe, urte asko dira. Baina, ez pentsau gero luzea izan danik, amen batean igaro dira, ia-ia enterau barik. Batzuetan inpresinoa daukat astelehen batzuk urte horreek guztiak baino luzeagoak egiten dirala. Pasarte neketsuak eta gorabeheratsuak izan doguz, baina nik neuk ez dot nekerik igarten orain. Hori bai, bizitzak bere legeak ditu eta horreetako bat da higadura biologikoa. Halan da be, errelebuarena ez da batez be neke kontua, aro barrirako gaitasun eta kemen kontua baino. Gu baino jente gazteagoa behar dau Jakinek proiektu barria aurrera eroateko, euskerearen uniberso barrian guztiz integrauta dagoan jentea behar da.
2.- Gerraurreko Zeruko Argia (1919) eta Karmel (1931) aldizkarien ibilbideko arazoen aldean, Jakin (1956) aldizkariak be izan zituan gorabeherak, izan be 67tik 77ra etena egon zan zentsureagaitik. Gero etorri zan susperraldia...
Historia luzea daukien aldizkariek pasarte arazotsuak izatea ez da harritzekoa. Zer esanik ez, gaztaro guztia frankismopean bizi izan dan baten kasuan. Bi aldiz galarazo eban frankismoak Jakin, bietan Fraga ministroak. Danetara, 10 urtetik gora egon gara argitaratu ezinda. Zentsurea be izan dogu jakina, baina zentsurea baino askoz ankerragoa izan zan guri egin euskuena: aldizkaria atarateko eskubidea errotik moztu euskun Francoren gobernuak, abertzale eta progresista ginala eta. Holan inoan ebazpenak. Franco hil eta gero be bi urte kostau jakun aldizkariaren eskubidea berreskuratzea.
3.- 2014. urtea be aldaketa urtea da. 200. zenbakiagaz batera, kolorea, grafismo barria datoz, papelezko aldizkariak eta aldizkari digitalak, biek, aldi berean ikusi dabe argia eta aldizkaria fundazino bihurtuko da laster. Zein da fundazino bihurtzearen arrazoia?
Aldaketa ugari, ezta? Aldaketa ugari eta sakonak dira gure ustetan. Horreetako bat da fundazino bihurtzea. Zergaitik eta zertarako fundazino? Hasteko, fundazinoak sortzaileen gogoa bermatzen dau, ezarritako helburuei leial izan beharra ziurtatzen dau. Gero, Jakinek historian zehar metatu dauen guztia, ondare material eta ezmateriala, guzti-guztia osorik mantentzen da fundazinoari esker. Eta guk hori guzti hori oso-osorik transmitidu egiten dogu. Zera esan nahi dau horrek, lantalde barriak, hurrengo belaunaldiek Jakinen lan ildoa eta espiritua mantenduko dabela. Esandakoagaz garbi gelditzen da, bestalde, oraingo kudeatzaileok ez dogula ezer patrimonializetan, ez dogula ezertxo be boltsikora eroaten. Jaso eta sortu dogun guztia bertan ixten dogu, euskal kulturearen zerbitzuko.
4.- Aldizkariaren diseinu barriak eta webgunearen barrikuntzeak fase barri baten hasierea iragarten dauela emoten dau. Oraingo jakingunea.com jakin.eus helbidea hartuko dau laster. Zergaitik?
Durangoko azken Liburu Azokan urten genduan eslogan barriagaz: Jakin.eus. Hori izango da gure esparru naturala. Oraingoz jakingunea.com gara, ezinbestean, .eus martxan jarri barik dagoalako. bagilean edo hasiko ei da. PuntuEus domeinua izango da euskerearen eta euskal kulturearen interneteko komunidadea. Orain urte batzuk Andu Lertxundi idazleak esan eban internetek euskaldunon zortzigarren probintzia izan behar ebala. Bada horixe, guk hor egon behar dogu, euskaldun guztion eskura, guztion komunidadea lantzen eta elikatzen.
5.- Zeintzuk dira webgune barrituaren atalak? Papelaren aldean, digitala lehenetsiko dozuela iragarri dozue. Zergaitik?
Ez daiala inork pentsau papela bazterrean itxiko dogunik. Ez horixe, gogoz eutsiko deutsagu. Horregaitik modernotu, arindu eta barritu dogu aldizkaria. Inor papelzalea bada, geu; baina asmo eta egitasmo barriak aurrera eroateko laburtxu geratu jaku papela. Gure webgune barria (www.jakingunea.com) ikusi besterik ez dago horretaz konturatzeko. Dozena erdi bat atalburu doguz. Lehenengoa, aldizkaria, azken-azken zenbakitik hasiera artekoak, danak, 245 zenbakiko hemeroteka ederra, bilatzaile indartsu bategaz irakurlearen eskura jarria. Gero liburu behatokia: bertan dagoz euskal liburuei buruzko azterketak eta batez be 1900. urtetik gaur arteko euskal liburu guztien fitxa bibliografikoak, 5.200 titulutik gora. Beste inon ez dago holakorik. Aldizkariaz gainera atara doguzan argitalpenak bere, nahikotxu, bertan dagoz guztiak. Memoria izeneko sail bat be sortu dogu, XX. mendeko kultur eragileen historia eta obrea berreskuratu, digitalizau eta transmitiduteko asmoagaz.
Sekulako altxorra da, euskarri guztietan emona, irakurteko, entzuteko, ikusteko. Lau atal honeetan orain arte produzidu dogun guztia batzen da, eta aurrerantzean material barriakaz hazi egingo dira. Eta badira beste bi atal gehiago, etorkizunekoak: gogoeta eta bilgunea. Jakineko ekipo barriaren egiteko berezia izango da gogoeta saila, herrigintzea, kulturgintzea, euskalgintzea birpentsetea, hausnarketak egin eta eragitearen bidean. Aro barriari erreminta barriakaz erantzun behar jako, eta Jakin horretan bidelagun izango da. Bilguneak, bere aldetik, bide horretan lagundu egingo dau, kanpoan edozein hizkuntzatan egiten diran azterlanak aukeratu eta modu egokian gurera ekarriz. Horra, labur-labur esanda, zergaitik eta zertarako emoten deutsagun lehentasuna webguneko lanari.
6.- Oraintxe urtebete Jakin zelakoa nahi eben galdetuz hainbat kulturgileri inkestea luzatu zeuntsien. Oro har, ze eretxi jaso zenduen?
Aspaldiko ohitura bat badogu Jakinen eta da aldaketa handien atarian kulturgileak konsultetea. Seigarrena edo izango zan azken inkesta hau. Azken biak segida antzean egin doguz, alkarren osogarri, urrezko ezteietan (2006) eta igaz. Hiru multzotan laburtuko neukez batutako eretxiak: egin dogun lana eta egiteko modua eskertu euskuen askok; eta aurrera begira eskatzen euskuen euskarri barrietan lanean serio hasteko, batetik; eta, bestetik, euskal kulturearen ziklo barria berrasmetan laguntzeko. Zuzendaritzan geunkazan kezka berberak ziran, eta horregaitik sekula baino konbentzituago egin dogu aurrera oraingoan eta emon dogu salto kualitatibo hau.
7.- Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi eta zuk zeuk osotzen dozue Jakineko talde historikoa. Orain, barriz, errelebua emoteko garaia dala pentsauta, talde berri baten esku itxiko dozue Jakinen gidaritzea maiatzetik aurrera. Hurreko lagunak, konfiantzazkoak, eskarmentudunak ikusiko doguz zuzendaritza talde barrian?
Laurok urte asko daroaguz alkarregaz Jakinen, modu batera edo bestera ia bizitza aktibo osoa. Errelebuak bi arrazoi ditu: bata, bizitzaren lege biologikoa, zahartzea. Eta bestea, etorkizuneko erronkei erantzun beharra. Konbentziduta gagoz errelebua oso positiboa izango dala Jakinentzat. Gizatalde barriko kideak gure aldean gazteak dira, euskalgintzan integrautakoak dagoz, bide bat egina dabe, ez dira hasibarriak, eta zertan esanik ez, gure konfiantza osoa dabe. Eskualdaketa bat izango da, eskutik eskura, eta lehen etapan geugaz batera ibiliko dira, nahiz eta maiatzetik aurrera gidaritza praktikoa euren kontua izango dan.
8.- Jakinen 200. zenbakian idatzi dozun testuan zeure egiten dozu ingelesez idazten dauen Ben Okri nigeriar olerkariaren ikuspegia: Our future is greater than our past, hau da, iragana baino handiago da gure etorkizuna, Jakinen etorkizuna... Handigurako amesa hasibarria dan XXI. menderako eta internetek bazterrak harrotuta dituan sasoian...
Londreseko parke batean harrian zizelkaturik irakurri neban esaldi hori asko gustau jatan, eta iruditzen jat etorkizunari begira izan behar dogun jarrerea azaldu behar dauela horrek. Holaxe bizi dot nik Jakinen etorkizuna. Ekipo barriagaz holan izango dala sinistuta nago. Guraso batentzat semea edo alabea bera baino hobea izatea ez al da pozgarri? Ba bardin.
Autortu behar da ez dabela erraza, geuk be ez genduan izan. Asmau beharko dabe globalizazinoaren anabasan, pentsamenduaren noraezean leku propio bat egiten. Ez al da Euskal Herriak berak daukan erronka beretsua?