'Lingua Nabajorum' antzezlanak irabazi dau Donostia Antzerki Saria

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko mar. 5a, 00:00

Tartean Teatroa eta Ez Dok Hiru Bikoteatroaren Lingua Nabajorum antzezlanak irabazi dau Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolatzen daben Donostia Antzerki Sariaren XIV. edizinoa. Saria emoteko ekitaldia Antzerkiaren Nazinoarteko Egunean izango da, martiaren 27an, 20:00etan, Victoria Eugenia Antzokian. Ondoren, antzezlana eskainiko dabe Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreek.

Talde irabazleak 10.000 euro eta Dora Salazaren serigrafia bat jasoko ditu; 8.000 euro orain eskuratuko ditu eta ganerako 2.000 euroak jasoteko, 2016. urtea amaitu aurretik euskerazko antzerki lan barri bat eskaini beharko dau Donostian.

Horrezaz gan, ikuskizun barri hori prestetako (saioak egiteko eta abar) bi aste egin ahal izango ditue Iparraldeko Harri Xurin dagoan produkzino gunean gastu guztiak ordainduta. Harri Xuri produkzino gunea sormena lantzeko eta sustatzeko gunea da eta bertan leku berezia eskaintzen jako euskerazko sorkuntzeari.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak ahalegin berezia egin eben 2013an euskerazko antzerkigintzea sustatzen jarraitzeko. Esangura horretan, igaz, helduentzako 13 antzerki lan eta 38 emonaldi eskaini zituen Donostian, eta danetara 5.437 ikusle izan ziran emonaldi horreetan. Gainera, igaz bezela, udan be antzerki lanak eskaini ziranez, euskerazko antzerkia ikusteko aukerea bermatuta egon da urtean zehar. Danetara, Donostiako agertoki desbardinetan eskainitako euskerazko 175 saioetara 31.648 ikusle joan ziran 2013an.

Donostia Antzerki Saria emoten dauen epaimahaiaren ustez, lan saritua sormen handikoa da eta euskereagaz ezin hobeto jolasten dau. Epaimahaiaren esanetan, antzezlan honetan hizkuntzeagaz modu oso erakargarrian jolasten da. Euskal kultureari buruzko autokritika fina egiteaz gan, euskalki desbardinak buztartzen dira eta horrek aberastu egiten dau antzezlana.

Saritutako lanak publikoa hurreratzea lortzen dauela adierazo dau epaimahaiak, umore inteligentea sortzeko dauen gaitasunari esker. Berez, obra xumea izan arren, sormen handikoa dala nabarmendu dau epaimahaiak: agirian ixten dabe baliabide gitxigaz gauza erakargarriak eta interesgarriak egin daitekezala. Eszenografia be ildo beretik doa, xumea izan arren oso ondo erabilita dago, eta jantziei be etekin handia ataraten jake.

Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreen lana be goraipatu dau epaimahaiak: bikoteak bere estiloa eta nortasuna galdu barik salto kualitatiboa emon dau. Ikusleak, gainera, aktoreak taula gainean disfrutetan dagozala igarten dau.

10.000 euroko diru sariaz gan, Euskara Zerbitzuak artelan bat emongo deutso Ez dok Hiru Teatro konpainiari. Aurreko urteetan legez, euskal artista bat aukeratu da horretarako. Aurten Dora Salazar (Altsasu, 1963) izan da aukeratua. Salazar eskultorea izateaz gan, marrazkilaria be bada, liburuak ilustrau ditu eta antzerki taldeentzat kartelak eta eszenografiak sortu ditu. Gaur egun bere lanak izaera poetikoagoa dauka eta antzerkiagaz be loturea izaten dau sarri.

Osorik irakurri