Euren orain arteko ikerketen kalidadeagaitik, eta egin daben proposamen erakargarriagaitik, Oiane Valero eta Jose Mari Uriarte historialari bizkaitarrak izango dira Timoteo bekearen onuradunak. Bi proposamen baino ez ziran aurkeztu lehiaketara, baina epaimahaiak nahiko argi euki eban euren proposamena sakona eta landutakoa zala. Valero historian lizentziautakoa da; Uriarte historian doktore eta filosofia eta letretan lizentziaua da. Euskal Memoria Fundazinoko kide dira biak.
Helburu bikotxa dauka bekeak. Batetik, Timoteoren figurea aztertzea, bere historia, militantzia eta heriotzea zelakoak izan ziran argitzeko. Igaz egindako omenaldiaren ostean, mugarri barri bat ipini gura dau bekeak Timoteoren oroimenean. Eta bestetik, memoria historikoa lantzeko ariketea be bada bekea, hurreko iragana gogora ekarteko balio dauena. Aurrerantzean be, Udalak bide hori lantzen segidu gura dau, betiko moduan, Ilantia alkarteagaz eta Memoriaren bankuagaz alkarlanean. Gainera, gaur egungo bizikidetzea laguntzeko be, tresna eraginkorra izan daiteke memoria historikoaren lanketea.
Kontuak kontu, 6.000 euro inbertidu dira bekan. Ordainetan, Timoteoren figurea eta orduko Igorreko errealidadea batuko beharko ditu ikerketeak. Bost hilebeteko epea izango dau onuradunak. Asmoa da aurtengo urriaren 29rako, Timoteo fusilau eben egunerako, liburu argitalpen bat egitea.
Timoteo gogoan
Timoteo Atutxa Petralanda 1894an jaio zan. Igorreko Uri Buru Batzarreko idazkaria izan zan, eta Igorre ordezkatzen eban EAJren Bilboko Sabin Etxean. 1936ko hauteskundeak be berak antolatu zituan herrian. Frankistek arrazoi horrek erabili zituen bera atxilotzeko. 1937ko abuztuaren 5ean hartu, eta Bilboko Larrinaga kartzelara eroan eben. Timoteo frankistek fusilau eben urte bereko urriaren 29an. Gero Derioko kanposantuan emon eutsien lur.