Cristobal Balenciagaren jantziak alkarbanatuko dituela jakinarazo dabe jostunaren Getariako museoak eta Madrilen dagoan Jantziaren Museoak. Hain zuzen be, jantziek historian izandako bilakaereari buruzko museoak Cristobal Balenciaga Museoaren inaugurazino erakusketan izan ziran 20 pieza hartuko ditu, eta Getariako museoak, barriz, Jantziaren Museoak dituen Balenciagaren funtsen berrazterketea egingo dau, Lorena Delgado Madrilgo zentroko kontserbatzailea komisario izango dauen erakusketan.
Erakunde bien alkarlanaren azken helburua da Cristobal Balenciagaren obrea eta irudiak, moda eta goi mailako joskintzearen munduan eta sorkuntza artistikoan, izandako garrantzia sustatzea, hedatzea eta indartzea.
Cristobal Balenciaga Museoaren inaugurazino erakusketaren erakusgai izandakoaren lagin bat eroango dabe Madrilera, eta material horregaz Cristobal Balenciaga. Jenioaren ikuspegia, maisuaren teknikea erakusketea atonduko dabe. Apirilaren 11n edegiko dabe erakusketea.
Cristobal Balenciaga. Jenioaren ikuspegia, maisuaren teknikea erakusketeak Getariko jostun ezagunaren bizitzea eta lana aztertzen dituen 20 piezako aukeraketea da. Balenciagaren lanaren ezaugarri nagusiak azalduko ditu, eguneko jantzien, koktel eta gau soinekoen edo ezkontza jantzien bitartez, azaldu dabe museoko arduradunek.
Eta egun berean, apirilaren 11n, Cristobal Balenciaga Museoak Balenciagaren artea erakusketa zabalduko dau. Balenciagaren ebagiteko teknikak, gama kromatikoak eta txukuntasunak argi erakusten dabe ederto ezagutzen zituala bai artearen historia bai bere tradizino kulturalaren parte diran artista handiak, adierazo dabe. Danetara, 60 lan egongo dira ikusgai. Balenciagaren sorkuntzek Zurbaran, Velazquez, Goya, Sorolla, Zuloaga, Picasso edo Juan Gris artistengandik jasotako eragina aztertu da.