Umeengan eta familietan pentsetan sortu dabe Lehoiak ametsetan: Bixentaren abentura zurigorriak aplikazinoa. Kirmen Uribe idazlearen testuen eta Asisko Urmeneta artistearen marrazkien bidez, San Mamesen bizi dan Bixenta satorra ezagutuko dogu smartphone eta tabletetarako aplikazino horretan, eta baita Athleticen historiako jazoerai eta pasadizoak be. Euskera hutsean dagoz ipuinak eta, holan, hizkuntzearen transmisinoan sakondu nahi da. Ganera, balore batzuk bultzatu nahi ditue, adibidez, kiroltasuna, konpromisoa edo norbera dan modukoa izatearen harrotasuna. Aplikazinoa doban deskargau leiteke.
Euskaltzaleen Topaguneak eta Athletic Club Fundazinoak sortu dabe ekimen barria, erakunde publikoen babesagaz. Bixenta personaiaren inguruko hiru ipuin ipini ditue dagoeneko eta, datozan asteetan, beste lau aurkeztuko ditue. Kontakizuna entzun ez eze, azpitituluak irakurri be ahal izango dira Istorio bakotxean, Athleticen historiako une bat kontetan da eta Mr Pentland, Zarra, Iribar eta emakumeen taldea ezagutuko doguz istorioen bidez. Baloreak erakutsi eta euskereagaz loturea sortu nahi dogu, adierazo dau Jokin Garatea Athletic Club Fundazinokoak. Topaguneko Aritza Escandonek ganeratu dauenez, azken boladan, hizkuntzearen transmisinoagaz arduratuta gabilz, aplikazino honegaz euskerearentzako espazio barriak irabaziko doguz, guraso eta umeen arteko harremana euskeraz izaten lagunduko dogu.
Bixentaren ipuinak Kirmen Uribek sortu ditu. Ondarroako idazlearen arabera, ipuinen narratzailea nor izango ete zan pentsetan nengoala, sator bat izatea otu jatan, izan be, San Mameseko bedarraren azpian ezkutuan bizi dan sator batek klubaren une gogoangarriak ikusten ditu bere zulotxutik. Bixenta izena, Bixenta Mogel idazleagaitik ipini deutsie, Mogel abila zan istorioak kontetan. Satorrak itsuak izaten dira, baina Kirmen Uriberen esanetan, itsuak beti lotu izan dira ipuinak kontetako gaitasunagaz, Homero be itsua zan; dana dala, Bixenta ez da erabat itsua, apurtxu bat ikusten dau. Uribek dinoanez, Athleticen historiako pasadizoak ez eze, bere bizipenak be kontuan hartu ditu istorioak sortzeko orduan, hasieratik gogo handiz hartu neban proiektua, egitasmo barritzailea eta baikorra da.
Kirmen Uribe athleticzalea da; Asisko Urmeneta, ostera, agnostikoa da futbolean. Marrazkiak egiteko proposamena egin eutsienean, Urmenetak zalantzak euki zituan, baloi bat zelakoa dan justu-justu nekian eta!. Baina Topaguneko Aritza Escandonen azalpenek erronkea onartzera bultzatu eben marrazkilari nafarra, Aritzak esaten eustan neurea lako begirada barri baten bila ebilzala. Kirmen Uriberen testuek be liluratu egin eben Urmeneta, ipuinek kateatu egin ninduen. Erronka legez hartu dau lana, maitasun handiz” eta unerik bereziena, Joxe Angel Iribar atezaina marraztu behar izan ebanekoa izan zan: Futbolaz ezer jakin barik be, ezagutzen neban Iribar, haren karikaturea egitea ardura handia izan da. Esan behar da, ipuinetako baten Iribar dala protagonistea eta atezainak berak ipini deutsola ahotsa bere personaiari
Lehoiak ametsetan: Bixentaren abentura zurigorriak aplikazinoa prest dago dagoeneko, lehenengo hiru ipuinak eskuragarri dagoz. Apple zein Android erako plataformetarako egokitu dabe. Deskargea doban egin leiteke. Aritza Escandonek azpimarratu nahi izan dau aplikazinoa erraz erabiltekoa dala, umeek, gurasoek, aitite-amumek, edonork erabilteko moduan preparau dogu, inportanteena da transmisino lana egitea, familia barruko giroan euskerea eta balore positiboak sartzea. Umeek eta familiek, ganera, Athleticegaz lotutako pasadizoak, istoriotxuak edo sentimenduak bialtzeko erea daukie. Bagilaren 30a baino lehen bialdu leitekez ekarpenak (ipuina@lehoiakametsetan.com) eta proposamenik onena aplikazinorako ipuin bihurtuko dabela agindu dau Escandonek. Euskerea eta baloreak transmititzeko, Athleticek eta Topaguneak bat egin dabe, nabarmendu dau Escandonek, ipuinak eta irudiak nork bere erara disfrutau daiazala orain. Informazino gehiago: www.lehoiakametsetan.com