Borja Aginagalde: 'Jentea Artxibora hurreratzea nahi dogu, bildurra kentzea'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko mar. 10a, 00:00

Euskadiko Artxibo Historikoak etxe barria estreinau eban urtarrilean Bilbon, Maria Diaz de Haro kalean. Eraikin ikusgarria da, hamaika pisu ditu, lau lurpean ganera. 20 kilometroko apalategi ditu, eta kilometro bakarra daukie beteta, badago lekua beraz. Borja Aginagalde zuzendaria pozarren dago eraikin barriagaz, eta kokapen barriagaz. Makina gat urtean Bergaran izan ostean, ibilbide barria hasi dabe.


1.- Zergaitik da hain garrantzitsua Euskadiko Artxibo Historikoa?

Euskadik artxiboa bat behar dau bere historia artxibetako. Herrialde guztiak daukiez artxiboak, locus moduan, edonork gure historiari buruzko agiri gehienak, bai originalak bai kopia digitalak, kontsultetako. Eraikin barri honetan Jaurlaritzako agiriak artxibauko dira, jakina, baina beste erakunde batzuetakoak bere bai.

2.- Ze baldintza bete behar dau agiri batek artxiboan lekua izateko?

Artxiboak esan nahi dau era bateko egiturea. Agiriak artxiboan sartzeko 40-50 urteko epea behar da, ez dinogu guk, hori legeak agintzen dau. XIII. mendetik gaur egunera arteko dokumentuak daukaguz hemen. Gaur sortzen diran hainbat dokumentuen ehuneko hamar edo gorde behar dala dinoe adituek, beste batzuk eguneko hirugaz nahikoa dala uste dabe.

3.- Bergaratik Bilbora etorri zarie. Zer irabazi dau artxiboak leku aldatzeagaz?

Bergaran 26 urte emon doguz, herri txiki batetik handira etorri gara, Bilbora. Eta hemen be zoragarri gagoz, ez neuke sekula pentsauko hain zoragarri egongo ginanik hemen. Behin hona sartu, lanean hasi, eta ze lasaitasuna! Arkitekturearen emoitzea da hori, danon artean egin dogun eraikinaren emoitzea. Oso gustura egiten da lan hemen.

Espazio asko irabazi dogu. Gauza asko egiteko aukerea daukagu orain, askotan ez da metro kubiko kontua. Eraikinaren barruko egiturea asko landu genduan, lanerako pentsautako eraikina da, bai guretzat bai jentearentzat.

4.- Eraikin barria estreinau barri, zein da orain Euskadiko Artxibo Historikoko arduradunaren hurrengo erronkea?

Artxiboek ez daukie fama oso ona, jentea beldur-edo da, leku ilun eta aspergarriak dirala uste dau. Toki itxiak izan dira. Guk nahi dogu jentea hona hurreratzea, euren eretxia emotea, hori da landu behar doguna: publikoa hurreratzea. Ez dago formula magikorik, eta ez da egun batetik bestera lortzen. Hemen Bilbon jenteak zelan jokatzen dauen ikusi behar dogu, gu ikastera etorri gara. Harrotasun barik gatoz, buru-belarri gagoz jentearen eretxiak batzen. Jenteak zer zerbitzu nahi dauen esatea nahi dogu, eta guk egin egingo dogu. Jentea hurreratzea nahi dogu, bildurra kentzea, jenteagaz hartu-emonak oso garrantzitsuak dira, garrantzitsuena, eta akaso hori da gatxena be.

5.- Eusko Jaurlaritzearen artxibo historikoa da funtsen zatirik handiena. Ze motatako dokumentak dira?

Hori da guk daukagun altxorrik handiena. Gerra garaiko dokumentuak daukaguz, asko gorde ziran zorionez. Jente askok erabilten ditu dokumentu horreek. Agirre eta Leizaolaren agiriak hemen gordetzen dira, esaterako. Gutun asko dagoz, gerra garaiko lehenkakaritza sailekoak eta. Nik garrantzi handia emoten deutset eskutitzen formatuari. Gutun batzuk eskuz idatzita dagoz, eta beste batzuk, makinaz. Orduko lana, hartu-emonak zelakoak ziran erakusten deuskue. Ez dira harreman hotzak, ezkutitz polit asko dagoz. Euren helburua zein zan kontetan dabe, Europako gerrea amaitzen danean Franco eta diktadurea segiduan desagertuko dirala eta holan, gizajoak! Jaurlaritzako erbesteko dokumentuak be badagoz, Britainia Handia eta AEBekaz zituen hartu-emonak agiri dira.

6.- Jaurlaritza eta beste erakunde batzuetako agiriez aparte, bestelako papelak be izango dozuez, familietakoak eta.

Hemen mueta askotako fondoak dagoz, eta horrela izan behar dau Euskadiko Artxibo Historikoa izateko. Gure historia txikia batzen daben dokumentuak daukaguz, familia askoren dokumentuak. Zenbat jentek emon deuskun euren familiako artxiboa! Emon esan dot, ez saldu. Kontzientzia handia dago familia askotan. Jente asko etorri jaku orain ehun urteko papelekaz, aititak gordetakoak eta ekarten deuskuez. Eta guk horrek danak gorde eta digitalizau egiten doguz. Ekarten deuskuen guztia balorau egiten dogu, eta horren arabera erabagiten da gordetea ala ez.

7.- Ez da galdera erraza, baina harribitxiren bat aitatu beharko bazendu, edo bi...

Ba, batzuk badaukaguz, bai. Daukaguzen guztien artean seigaz erakusketa txikitxu bat egin dogu, gure egoitzan bertan ikusgai dagoena. 1775eko antzezlan bat daukagu, euskerazkoa, zoragarra dana; hidalgia prozesu bateko agiriak; XVI. mendeko baserri bateko kontu-liburu bat... Erakusketa txiki honetan jenteak ikusiko dau dokumentu askok zenbateko gaurkotasuna daukien. Baserri horretako kontu-liburuan gaur egun mikro-kredito deituko geunkenaren adibidea topauko dogu. Lehen holan zan, eta orain be bardin, hori da jenteak esango dauena.

8.- Ez gara hainbeste aldatu, beraz.

Gauzak asko aldatu dira, baina ez hainbeste be. Gure amamak esaten ebanez, dana dago asmatuta! Teknologia ez, baina edukia, hori dana dago asmatuta. Historia prozesu luze bat besterik ez da.

9.- Eskatzea libre da eta. Zer nahiko zeunke Artxibora ekartea, egongo da ametsen bat edo...

Bai, badagoz gauza batzuk egiteko betidanik. Salamancan dagozak kaxa batzuk, adibidez. Hori geurea da. Baina ez da momentua orain, ez da hori arazorik larriena.

Nik jentearen etxeko papelak dodaz gogoko, asko maite dodaz. Hor ikusten dogu egiazko eta benetazko historia, bakotxaren historia. Jaurlaritzako papeletan, adiministrazinoko agirietan, gauza asko ikusten doguz, baina benetako bizitzea, nik maite dodan historia, familietako artxiboetan dago. Eta ez da izan behar beste munduko familia aberatsa. Bizkaiko familia bateko artxibo bat daukagu, ezkontza kontratuak eta, esaterako. Jente asko etorten da horrelakoak ekartera. Oso garrantzitsua da eraikin bat izatea, jenteak badaki nora etorri, lana asko errazten dau.

10.- Herritar arrunta joan daiteke Artxibora? Danontzako zabalik dago, ala ikertzailea izan beharra dago?

Bai, nahi dauen edonor etorri daiteke. Jente arruntarentzako izan behar da, hau ez da Osakidetza, baina gu zerbitzu publiko bat besterik ez gara, publikoarentzat. Artxiboa gehiago zabaldu nahi dogu, beste formatu batzuk zabaldu, webgune bidez edo. Jenteak asko erakusten deusku, zer nahi daben, zer espero daben. Jenteari galdetu egin behar jako.

11- Agirien zatirik handiena digitalizauta dago, eta konsultagai webgunean. Zabalkundean asko lagundu dau horrek.

Daborduko, agirien % 85 edo digitalizauta daukagu, eta webgunean dago edonoren eskura. Fondo barriak heldu ahala digitalizau eta sarean ipinten doguz.

Osorik irakurri