Bizkaiko zazpi eskualdetako 50 bertsolari inguru batuko ditu aurten Bertsolari Gazteen BBK Sariketeak bihartik aurrera. Lea Artibai eta Bilboaldea taldeak hasiko dabe lehiaketea martitzenean, hilak 11, Markina-Xemeingo Lea Artibai Ikastetxean, 11:30ean. Finala Bilboko Kafe Antzokian jokatuko dabe, hilaren 28an.
Bilboko BBK Salan aurkeztu dabe sariketea Jone Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko ordezkariak, Juanjo Respaldiza Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritza-arduradunak, Arkaitz Estiballes Bizkaiko txapeldunak eta BBKko ordezkari batek.
Arratia, Bilboaldea, Busturialdea, Lea Artibai, Ipar Uribe, Enkarterri eta Durangaldea eskualdeetako gitxienez seina bertsolarik hartuko dabe parte, adin-maila bitan banatuta, 18 urte artekoak eta 18tik 24ra bitartekoak. Igaz Durangaldekoek irabazi eben. Taldeak osotzeko ardurea Juanjo Respaldizak izaten dau urtero, taldeak erraz egin dirala esan dau. Gabon ostean Bertsolari Gazteen XXII. BBK Sariketea datorrela badakie, eta prest egoten ei dira. Sendotuta, finkatuta dago, nabarmendu dau.
Bertsolari gazteek estualdia taldean pasauko dabe, parte-hartzaile bakotxak ez ditu lau bertso baino gehiago egin beharko eta. Arkaitz Estiballesek hartu-emon estua dauka lehiaketeagaz, lehenengo edizinotik aurrera parte-hartzaile izan zan, eta ostean epaile ibili da. Taldeak emoten dauen babesa azpimarratu dau bertsolari galdakoztarrak be. Berde gengozan orduan, eta adin gatxa be bageunkan. Taldean kanteteak eroso egiten dau plazara urtetea. Taldeak babestu egiten zaitu, azaldu dau. Aurten ez da epaile izango, baina makina bat urtean egin dau lan hori. Estiballesen eretxiz, gaur egungo bertsolari gazteek eurek orain hogei urte euken mailea baino nahikoa hobea daukie. Epaitu dodazen asko nire bertsokide dira orain.
Bertso-eskolen lana eta Bertsozalek hezkuntza arautua egindakoa izan dabe berbagai Estiballesek eta Respakdizak. Behar horri esker, Bizkaiko mapa osoa hartu dogu, adierazo dau Estiballesek. Orain hogeita bi urte Arratiako taldean parte hartu behar izan eban galdakoztarrak, eta handik urte batzutara sortu zan Bilboaldeako taldea. Urte askoan sei talde besterik ez dira izan BBK Sariketan, baina badira urte batzuk zazpigarrena batu zana, Enkarterrikoa. Miresgarria da zelan sendotu dan eskualdea -esan dau Respaldizak- eta gaur egun ez daukie arazorik ordezkarietzea ekarteko.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak ardura nagusi bi ditu sariketan, alde batetik egiturea eta azpiegiturea prestetea, eta bestetik, lantalde teknikoa (epaile eta gai-jartzaileak) antolatzea. Saio gehienak, aurten be, ikastetxeetan izango dira. Talde teknikoari jagokonez, jente barria sartuko dala aurreratu dau Narbaizak, bertsolari gazteentzako ez eze, epaile eta gai-jartzaileentzako be sariketea parte hartzeko aukerea izan daitela gura dogu.
Danetara sei saio izango dira, martiaren 11n hasi eta 28ra arte. Hiru sailkapen saio egingo dira: martiaren 11n, Lea Artibai-Bilbo, Markina Xemeingo Lea Artibai Ikastetxean; 12an, Arratia-Enkarterri, Zallan; eta, 18an, Ipar Uribe-Busturia, Algortako Aixerrota BHIn. Finalaurreko bi jokatuko ditue: hilaren 19an, Durangon, eta 25ean, Igorren. Finala Bilboko Kafe Antzokian egingo dabe, 28an, 19:00etan.
Sariei jagokienez, 2.000 eurotik gora banatuko dira, lehenengo sariak 1.260 euro izango ditu talde txapeldunarentzat. Bigarren saria 900 euroko izango da, eta 140 euro jaso ditu bizkaierarik onena erabilten dauen bertsolariari. Ganera, beste 3.780 euro banatuko dira parte-hartzaile guztien artean, dieta lez.