Erritmo jantzagarri baina konprometiduak dakarz En Tol Sarmiento taldeak disko barrian

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko mar. 13a, 00:00

Arabako Errioxatik dator En Tol Sarmiento (ETS). 2005ean sortu zan eta Bilbon aurkeztu daben Zure mundua izeneko hau, euren ibilbideko hirugarrena da. Betiko estiloari eutsi deutsie, erritmo handiko ska doinuak, reggae ikutu bategaz eta melodia landuagaz. Ohiko legez, mezu konprometiduak batzen dira En Tol Sarmientoren letretan. Ganera, disko barriko hamabi kantetatik zazpi, euskeraz egin ditue.

Iñigo Etxezarreta abeslari eta gitarrajoleak dinoanez, diskoan, garena erakutsi nahi izan dogu, konponketa gitxi egin doguz, gure zuzeneko soinua erakutsi nahi izan dogulako. En Tol Sarmientoren helburu nagusia, jenteari ondo pasau eragitea da eta, horretarako, abesti zuzenak, erritmo handikoak egin ditue. Era berean, Etxezarretak esan dau oso disko melodikoa dala, melodia indartsuak eta erraz ikasteko modukoak sortu nahi izan doguz, behin entzunda burutik kendu ezin diran horreetakoak. Ska talde klasikoa da En Tol Sarmiento, haize doinu ugariduna, erritmo bizikoa eta jantzagarria, gorputza mobidu eragin nahi deutsagu jenteari, Etxezarretaren esanetan. Reggae ikutu bat be nabari da Zure mundua diskoan eta, lehenengo aldiz, balada bat be sartu dabe, ska doinuetara egokitzeko aldaketa batzuk egin deutsiezan arren.

Disko jantzagarria, zuzena, melodia errazekoa da Zure mundua, konplikazinorik bakoa. Baina letrak konprometiduak dira, gai sozial ugariren ganean abesten dau En Tol Sarmientok. Botereari kritikea, kapitalismoaren gehiegikeriak, Hego Ameriketako egoerea, Gerra Zibila eta abar lantzen ditue diskoko hamabi abestietan. Jaia ondo dago, baina konpromisoa be behar da, adierazo dau Javier Lucas tronboi joleak. Zure mundua izenburua horregaz lotuta dago, konpromisoa norberarengandik hasten da, keinu txikien bidez edonork jarri leike mundua aldatzen hasteko alea, dino Lucasek, aurreko diskoaren izenburua 'Hacia la Luna' zan eta, horri erreferentzia eginaz, oraingo honetan mundura bajau behar dala adierazo nahi dogu, nork bere mundua aldatzeko. Baga-Biga diskoetxeko Ritxi Aizpururen arabera, En Tol Sarmientok, dibertsino konprometidua eskaintzen dau.

Diskoko zazpi abesti euskeraz izatea be nabarmentzekoa da. Izan be, taldea Arabar Errioxan oinarrituta dagoan arren (Iekora herrian), taldekide bakarra baino ez da arabarra. Errioxarrak dira hiru eta, bosgarrena, Extremadurakoa. Iñigo Etxezarreta da arabar bakarra, euskeraz dakien bakarra eta, beraz, euskerazko letrak idazteko arduraduna. Nik ez nituan behartu taldekideak gero eta euskera gehiago sartzera, berez etorri da, azaldu dau Etxezarretak. Ganerako taldekideentzat naturala izan da euskerazko musikea egiten hastea, eremu euskaldunetan gure musikeak arrakastea daukala ikusi dogu eta, beraz, modu naturalean sartzen dogu euskerea, entzuleari gustau egiten jako, azaldu dau Javier Lucasek.

En Tol Sarmiento, batez be, zuzeneko taldea da eta, diskoan, taldearen zuzenekoaren soinua erakutsi nahi izan dabe. Hori bai, soinuaren aldetik, kalidadean saltua egon da disko honetan, zehaztu dau Ritxi Aizpuruk. Zure mundua aurkezteko birako lehenengo kontzertua Donostian emongo dabe, DOKA kafe antzokian, martiaren 22an. Apirilean, Izarra, Zornotza eta Gasteizen joko dabe. Taldekideek nabarmendu dabenez, En Tol Sarmientok jarraitzaile gehien Nafarroa hegoaldean eta Bizkaian daukaz eta horregaitik, diskoaren aurkezpena, Bilbon egitea erabagi dabe. Halandabe, jatorria Arabar Errioxan daukiela garbi adierazo dabe.

Osorik irakurri