Yoko Onoren larogeigarren urtebetzea ospatzeko, bere ibilbide artistikoaren atzera begirako erakusketea antolatzea otu jakien orain urte batzuk Frankfurteko Schirn Kunsthalle museoko arduradunei. Igaz, han izan zan Yoko Ono. Half-A-Wind Show, eta orain, sortzailearen 81. urtebetetzean, Bilboko Guggenheimen da artista japoniarraren 200 lan batzen dituan erakusketea. Irailaren 1era arte izango da ikusgai.
Artisteaz aparte, erakusketako komisairo Alvaro Rodriguez eta Jon Hendricks, eta Guggenheimeko zuzendari Juan Ignacio Vidartek emon dabe prentsaurrekoa. Erakusketea Bilboko Guggenheim museoa eta Frankfurteko Schirn Kunsthalle museoaren arteko lankidetzearen emoitzea da.
Yoko Ono (Tokio, 1933) abangoardiako artista esanguratsuenetakoa dala, eta hainbat diziplinatan aitzindaria izan dala nabarmendu dau Vidartek, zinema esperimentalean, musikearen munduan eta performanceen arloan aitzindaria izan da. Orain arteko atzera begirako handiena da hau.
Orain hamar urte sortu zan Onoren ganeko atzera begirakoa atontzeko idea Frankfurteko Schirn Kunsthalle, Hendricksen esanetan. Bilboko Guggenheim museoa espazio zoragarria dala azpimarratu dau, eta erakusketea prestetea esperientzia zoragarria izan dala. Yoko Onoren lana ondo ezagutzen dot -adierazo dau- baina erakusketan bat egiten dodan bakotxean bere beharren alde edo osogai barriren bat topetan dot.
Yoko Onok 1950eko hamarkada erditik gaur egunera arte sortutako uniberso artistikoa batzen dau erakusketeak, eta badira lan barriak bere, berbarako, Moving Mountains instalazino barria. Hirurogei urtetik gorako ibilbide artistikoak museoko hirugarren pisuko areto guztiak hartzen ditu.
Urteotan jorratutako baliabideak ezagutzeko aukerea eskaintzen jako bisitariari, besteak beste, arte plastikoak, marrazkiak, poesia, zinemea, musikea, instalazinoan, bideoak eta performancek egin dittu artista japoniarrak. Erakusketan, danetara, 200 lan dagoz. Erabilitako moduak lez, landutako gaiak be askotarikoak dira Onoren obran: irudimenak daukan ahalmena sinismenean, konpromiso politikoa, umorea eta absurdua lantzeko moduak, emakumeak gizartean beteten dauen papela eta abar.
Munduko museo askotan ikusi ditu erakusgai bere lanak, baina Bilboko Guggenheimen inoiz baino erosoago sentidu dala autortu dau. Nire lanak desbardinak emoten dabe hemen. Eraikin oso polita dala entzun dot askotan -azaldu dau- baina pentsetan neban ez zala hainbesterako izango, baina bai, oso ederra da, harritu egin nau. New Yorkeko Guggenheim museoa baino gehiago gustetan jakola esan dau, ganera.
Erakusketa ugari euki dituan arren, Yoko Onoren lana nahiko ezezaguna da. Ezezagutza hori bere erantzukina izan daiteke, bere eretxiz. Sorkuntzea izan da bere ardura nagusia, eta ez deutso garrantzirik emon bere beharrak zabaltzeari, ezagutzera emoteari. "enteak ez dauala ulertuko uste neban, eta ez nintzan horretaz arduratzen. Ehun urte barru edo baten batek topauko ebala pentsetan neban, eta orduan ulertuko zala.
Erakusketeaz bat, helduentzako sormen-saioak eta gidatutako bisitaldiak antolatu ditue. Argibide gehiago, hemen.