Los mejores de los peores diskoa kaleratu barri dau Txapelpunk taldeak, Lekeitioko taldearen seigarren diskoa. 2009an, Vaya full diskoa plazaratu ostean, 2012ra arte itxaron behar izan eben zaleek, izan be, taldeak bersinoakaz osotutako Krem de la krem lana argitaratu eban orduan. Orain, barriz, kantu barriakaz eta indarbarrituta dator taldea 14 kantu zuzen eta gogorrakaz, tartean, Piratak Athletic, 2013an grabautako kantuaren bersino gogorragoa agiri dalarik.
1.- Hasi gaitezan izenburuagaz. Txarrenetatik onenak sentiduten zarie?
Bai. No entiendo kantuan esaten dogu: No entiendo, que pasa con la gentuza del poder (...) somos los mejores de los peores de esta puta sociedad... Onenen artean politikoak, bankeroak eta multinazionalak lako jentemodua sartzen badoguz eta geu horreetatik aparte edo jarten bagara guri txarrenetatik onenak izatea baino ez jaku egokitu. Aitatu horreek eragin daben egoera baltza sano zabalduta dago eta gitxi asko danok gara kaltetuak, danok ezagutzen dogu bateren bat lan barik dagoana edo geu gagoz egoera horretan, gastuei aurre egin ezinik eta abar.
2.- Taldearen estiloari eutsiz, kantu labur baina bizi-biziak, erritmo azkarrekoak agiri dira lan barrian.... Oro har ze mezu dakarzue kantuetan?
Danetarik. Gure inguruan ikusten doguzan gauzak hartzen doguz berbagai, jaiak, maitasuna, egoera soziopolitikoa... Gero, jakina, animo aldetik zelan zagozan be erabagiorra izaten da bai berbak eta bai musikea bera be sortzeko. Arlo soziopolitikoan oraingoan nahikoa erraz atara dodaz berbak ze egoereak gai asko eskaintzen deutsuz.
Kantuak nahikoa kañeruak dira, belozidade handikoak eta laburrak, esan beharrekoak di-da esan eta artifiziorik ez dogulako behar izaten. Bada bat, Txapelpunk txapelpank, hain zuzen, gitarreagaz eta ahotsagaz, nahikoa lasai hasten dana baina aurrerago zati gogorra daukana.
3.- Zelakoa izan da diskoaren sortze-prozesua? Oso oker ez bagagoz estudiora eroan aurretik grabazino batzuk etxean egin dozuz. Auzokoak ez jatzuz kejau?
Zorionez ez jataz kejau, ez. Kantuak sortzen 9 bat hilebete edo egingo nituan eta etenik bako prozesua da ze sekula be ez dakizu brote eskizofrenikoa noiz izango dozun; hori momentuori golpera igarten dozu eta prest egon behar zara berbak edo musikea edozein euskarritan sartzeko. Ez dago ordutegirik eta baztuetan goizaldeko 03:00retan izartu, gitarrea hartu eta hor hasten zara esperimentuak egiten eta konturatzen zarenerako eguerdiko 12:00ak dira. Ordu asko izaten dira eta bolumen handian jotea gustetan jat gustora egoteko. Kontua da ze ahaztu egiten nazela gaueko ordu txikiak dirala eta auzokoak eta lotan egongo dirala. Beste mundu baten sartzen naz eta badakit auzokoentzat eta gogaikarria dala.
Berbak edo musikea nahikoa aurreratuta daukadazenean, 8 pistas baten grabetan dodaz, zelan geratu diran ikusteko. Bateria erritmo kaxa bategaz grabetan dodaz, bajua, gitarrak eta ahotsa sartuta ondo ikusten da gauzea. Lokalera eroaten dot gero eta han beste errepaso bat egiten dogu, normalean oso gustoko izaten daben arren.
4.- Saxoa, tronpetea eta tronboia be sartu dozuez Lekeitioko gaztetxearen aldeko aldarrikapena dan 'Beti aurrera' kantuan. Ska erritmoko kantua da, haize sekzino eta guzti. Txapelpunk biguntzen hasi ete da?
Ez, ez. Puntazo moduan sartzea otu jakun eta bai, hor dagoz Pello saxoa, Aritz tronboia eta Ibon tronpetea joten. Kantu horretako zati batzuetan gitarreak ez dauka distorsinorik, beste batzuetan bai baina kableak kurutzatu eta haize sekzino bat sartzea pentsau genduan eta polito geratu dala uste dot. Eta ez da lehenengo aldiz holako musika tresnak sartzen doguzana, Vaya full diskoan, Euskal Herrian abestian be sartu genduzan tronpetak eta be bai eta gustora geratu ginan.
5.- Diskoan 14 kantu sartu dozuez. 3 euskeraz eta ganerakoak gaztelaniaz. Errazago sortzen dozu gaztelaniaz?
Bai. Gaztelaniaz beti euki dot erraztasun gehiago berbak atarateko. Herrian, kalean eta euskeraz be asko egiten dot baina gaztelaniaz gehitxuago eta, akaso, horregaitik izan daiteke. Natural urtetean deust, ez dot apropos kantu bat euskeraz eta hau edo bestea gaztelaniaz egiten.
6.- 2012an grabautako Piratak Athletic kantuaren bersino gogorragoa sartu dozue diskoan. Jatorrizkoagaz ez zinien pozik geratu?
Bai, pozik geratu ginan. Baina soinuaren aldetik eta apur bat hobetzeko modua egoala pentsau genduan eta hori da arrazoia. Igaz kantua nahikoa azakar egin genduan eta polito dago baina orain diskoan sartu dogun bersinoa ederragoa dala esango neuke; kantuaren hasierea lasaia da, ahotsak bakarrik agiri dira, musika barik eta gero datoz zati gogorrak.
7.- Zuzenkoakaz be hasita zagoze. Gasteiz, Urduña eta Hendaian jo dozue eta Bilbo, Donostia, Izarra, Orbiso eta Zubietan be kontzertuak dozuez. Zelako zuzenekoak izan dira orain artekoak? Jenteak zelan erantzun dau?
Oso gustora gabilz. Urtebete edo geldi be egon ginan, itsasoan beharrean, osasun arazoak, pare bat hernia daukadaz kokotean eta baragarri ibili naz eta bestelako arrazoi batzuk tarteko eta gogo handiz bueltau ginan. Igaz, barriz, Piratak Athletic atara eta hor hasi ginan serioago joten, 7 kontzertu edo izan ziran. Jentearen erantzuna sekulakoa izan zan, horrenbeste denpora jo barik egon ostean, jentea Txapelpunken musikearen gosez egoala pentsetan dot. Orain, barriz, Los mejores de los peores diskoa atara ostean, Gasteizen, Urduñan eta Hendaian jo dogu eta primeran, jente asko hurreratu da eta pozarren gagoz. Lehenengo egunean moduan gagoz, nerbioso be bai, oso motibauta, pilo bat ensaietan gabilz eta igarten dala pentsetan dot. Gitarrista barri bat daukagu orain Txapas eta oso zorrotza da, serio hartu dau kontua, hilebetean ikasi dau errepertorioa eta kaña handia sartzen deusku ensaioetan eta ordutegiakaz eta zeozelako presino horregaz ikusi dogu oraindino badaukagula hobetzeko modua eta oso gustora gabilz.
Beste alde batetik, bidebatez kontzertuetan gure kamisetak merke-merke saltzen doguz 7 euroan. Gasteizko kontzertuan 20 bat saldu genduzan eta pozik gagoz, ilusinoa egiten deusku.
8.- Orain pare bat urte, inglesez kantu batzuk grabau zenduezan eta antza Kaliforniako diskoetxe bat interesauta egoan bertan diskoa argitaratzeko. Zertan da kontu hori?
Urteetan gabilz horregaz bueltaka baina oraindino ez dago ezer. Hogeitabost kantu edo grabauta dagoz, bost edo inglesez; neska-lagunak egin eustazan itzulpenak eta ahoskera kontuak eta beragaz lantzen ibili nintzan baina dinotsudan lez, oraingoz ez dago ezer. Asmoa horixe zan Kalifornian argitaratzea eta esango deutsut segurutik aurtengo udan etorriko dala oporretan diskoetxeko tipo bat eta momentua izan daiteke zeozertan hasteko.
9.- Perla Negra arrantza itsasontzi bat hartu zenduen zeuk, Atrofi anaiak eta beste lagun batek. Oraindino badaukazue barkua, zure kantuetan itsasoak inspirazino iturri izaten jarraitzen dau?
Barkuarena nik neuk itxi egin neban ze herniagaz eta nahikoa txarto pasau neban. Edozelan be, itsasoagaz lotura berezia daukat eta denporapasarako eta itsasontzi txiki bat daukat, txipironera bat, motor txikitxu bategaz. Beti izan naz zalea eta askotan joaten naz tximinoitan, txitxarrotan... asko gustetan jat itsasoa eta duda barik inspirazino iturri izaten segiduten dau.
10.- Aurrera begira ze asmo daukazue?
Diskoa aurkezten, zuzenekoakaz gabilz orain eta badakit egunotan beste kontzertu bat berbatu dogula. Aurrera begira, urte bi edo urtebete barru edo zuzeneko diskoa grabau gura geunke. Hamabost urte egin doguz musikearen munduan eta momentu egokia izan daiteke holako disko bat atarateko. Zuzeneko diskoarena asmo sendoa da baina oraingoz ez dakigu noiz egingo dogun.