Iñaki Alegria da UEUko zuzendari barria

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko mar. 17a, 00:00

UEUren Batzar Nagusiak 2013ko balantzea onartu eta zuzendari barria hautatu dau: Karnele Artetxeren lekukoa Iñaki Alegriak hartu dau. Zuzendari barriak datozen urteetako lehentasunak finkatu ditu.

UEU irabazi-asmorik bako eta Onura Publikoko autormena dauen kultur alkartea da. Bere helburu nagusia Euskal Unibersidadea sortzea da, baina horregaz batera, euskerearen eta unibersidadearen arteko zubiak eregi, euskal komunidade zientifikoaren topagune izan eta unibersidade-gaiak produzidu eta gizartearen esku jarten egiten dau lan.

Unibersidade-sistemearen barruann sare euskalduna eratzen dau, eta bestetik eragile eta akuilu-lanak egiten ditu euskal unibersidade-sistemea sortzeko, beti be beste eragileakaz alkarlanean. Horren adibide dira urtean zehar antolatzen dituen jardunaldiak (Informatikari Euskaldunen Bilkurea, Lurraldea eta Hizkuntza, Natur Zientzien jardunaldiak, Matematikarien bilkurak, etab.), Unibertsitatea.net ataria eta Inguma datu-basea, adibidez.


2014ko egitasmoa

Orain arteko ibilbideari jarraipena emongo jako, bai arlo estrategikoan (Euskal Unibersidadearen proiektua), bai hezkuntzearen arloan (uda/negua, bertakoa/onlinekoa, etenbako formazinoa/graduondokoak) eta baita argitalpen eta datu-baseen jardunean (liburuak, aldizkariak, Inguma datu-basea, Unibertsitatea.net).

Bestetik, finantzazino aldetik arazo larrienak gainditu diralako esperantzaz (Eusko Jaurlaritzako partida izenduna berreskuratu dau aurten), indarbarrituta eta anbizino gehiagogaz lan egin nahi dau, proiektu barriei ekiteko teknologia barrien laguntzaz (online irakaskuntzeari begira batez be). Ikerlari gazteen arloa be sendotu nahi dau UEUk, euren ikusgaitasuna bultzatuz eta euren arteko ezagutzea sustatuz.

Unibertsitatea.net atarian bistaratzen dan alkarrizketa-sortaz gan, 2015eko udabarrirako ikerlari gazteen bilkurea egiteko proiektua dago esku artean. Horrezaz gan, UEUren proiektuaren barruan parte hartzea indartu, eskaintzea zabaldu eta euskalgintza zein hezkuntza alorreko beste eragileakaz hartu-emonak sendotzeko nahia azaldu dau zuzendari barriak.


Euskal Unibersidadea

UEUren helburu estrategikoa da Euskal Unibersidade euskalduna, nazionala eta herrikoia sortzea. Lan horretan bidelagun garrantzitsuak ditu UEUk, Euskal Unibersidadearen alkartera batutako Ikastolen Alkartea, EKT, AEK, Kontseilua, Ipar-Hegoa Fundazinoa eta Elkar. Europan, azken urteetan, unibersidade barriak sortzen dagoz, horreetatik asko online edo erdi-presentzialak. Bistakoa da arlo horretan hutsune handia dagoala Euskal Herrian. Gaur gaurkoz hemen ez da gradu titulurik eskaintzen euskeraz online. Behar horr erantzuna emoteko proiektu bat lantzen dabil UEU, Euskal Unibersidadea alkarteagaz eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzinoagaz. Proiektu honek, aurrera egitekotan, atxikimendu zabala beharko dau jendartetik eta instituzinoetatik. Maiatzean barne-mintegi bat egingo dabe horren barri emoteko.


Iñaki Alegria Loinaz

Donostiarra, 1958an jaioa. Informatikan doktorea. EHUko irakaslea eta ikerlaria (Ixa taldean). UEUkidea 1984tik, 6 urtetan bertako zuzendaritzan. 100 bat argitalpen ditu nazinoarteko aldizkari/kongresuetan. Euskeraz 90 erreferentzia Inguman.

Oraintsura arte EHUko Informatika Fakultadeko dekanordea izan da eta Langune alkartearen zuzendaritza-taldekoa.

Osorik irakurri