Txinatar ekologiaren gerrillariak (eta III)

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko mar. 17a, 00:00

Deng Ping agintari politikoen arerio handienetakoa da Txinan. Estaduaren enpresa baten ganean Greenpeace erakundeak egindako lehenengo ikerketea koordinau dauen gaztea da eta bazterrak harrotu ditu, izan be, gobernuak galarazo egin deutse komunikabideei aitatu ikerlana erabiltea eta sare sozialetan ezabatu egin ditue ikerlanaren ganeko erreferentzia guztiak.

Erabagi horreek guztiek erakusten dabe lan ona egin dogula baina pena handia hartu dogu informazinoa zentsurau arren, arazoak ez diralako konpontzen adierazo dau Deng and.ak.

Deng eta bere lantaldeak agirian itxi dabe munduko mehagintza konpainia handienak, Shenhua izenekoak, sikate larria eragin dauela Mongolia Barrualdea probintzian; inguru horretan, lehenengo proiektu pilotua jarri dabe martxan mineralaren likuefakzinoaren bitartez gasolioa lortzeko. Argi erakutsi dogu proiektua sano kaltegarria dala eskualdeko baliabide hidrologikoetarako, izan be, inguru guztian sikate handia dago eta aurreikusten dan moduan proiektua zabaltzen bada, krisia eta hondamendia sekulakoak izan daitekez.

Kontuan hartu behar da Txinak planetako uraren % 7 baino ez daukala herritarren % 22ri horniduteko. Hamasei ikatz zentro barri aurreikusten dituan 12. bosturteko plangintzan zehaztutako guztia beteten bada, Txinak 10.000 metro kubiko ur beharko dau eta kopuru hori Ibai Horiaren emariaren laurena da azaldu dau Deng Pingek. Ikertzailearen kalkuluen arabera, Shaanxi probintzia lako ikatz produktoreek ez dabe ur nahikorik izango industria mueta hau 2015ean horniduteko. Orain neurriak hartu ezean, bihar etzi sano karuagoa izango da adierazo dau Dengek. Izan be, gaur egungo jokeran aldaketarik ez badago, energia barriztagarrien zein energia nuklearraren alde egin arren, harri baltzaren egungo errekuntzea bikoiztu egingo da 15 urteko epean eta hortik aurrera hazten joango da 2030era arte gitxienez.

Eten barik eta gogor beharrean dabilen beste erakunde bat WWF da. Izatez, 1980ko hamarkadan, Txinan lan egiteko baimena lortu eban nazinoarteko lehenengo Gobernuz Kanpoko Erakundea da. Momentu haretan gure helburu nagusia panda hartza salbetea zan eta bere habitat edo bizilekuaren % 65 babestea lortu dogu; orain, barriz, beste arlo batzuetan gabilz buru-belarri dino Fan Zhiyongek, Espezien Babeserako programako zuzendariak. Buruhauste handienak amur tigrea (20 geratzen dira libre euren habitatean), edurretako leopardoa eta Yangtse ibaiko izurdea dira. Urbanizazino basatiak eta deforestazino edo oihan-galtzea akabua dira aitatu animalientzako.

Beste arazo handi bat Txinako legeria bera da, izan be, nazinoarteko Gobernuz Kanpoko Erakundeei galarazo egiten jake herrialdean dirua batzea eta, beraz, programak atzerriko diruagaz ordaindu behar dira nahitaez eta diru-emoileek aukerazten dabe euren diruagaz ze espezie babestu. Horren ondorioz, hain fotogenikoak ez diran animaliak baztertu egiten ditue; hori da Canon etxeak babesten eban panda gorriaren kasua, izan be, enpreseak dirua emoteari itxi deutsonean, proiektua bertan behera geratu da azaldu dau Fan Zhiyongek. Holan sano gatxa da ekosistema oso baten berreskurapenean lan egitea eta pizti gitxi batzuk bizi diran ingurune txiki eta mugatuak babestea baino ez jaku geratzen, gero inguru basatian biziteko kapaz izan daitezen, arrakasta handiagaz bisoi europarragaz egin dan moduan.

Halan da guztiz be, Fanek uste dau aurrera pausuak ez dirala nahikoa. Argi dago gauza asko egin dirala, berbarako, Txinak aldatu egin dau bere medikuntza tradizionaleko vademecuma. Baina ingurumena oso azkar hondatzen dago eta kalteak atzeraezinak izan daitekez. Beraz, gogorrago lan egin eta Txinako gobernuari dagozan legeak bete daizala eskatu behar deutsagu. Botereak sustatzen dauen zibilizazino ekologikoa lurra salbetako eslogana baino zeozer gehiago izatea beharrezkoa da. Horixe da gure burrukea.

Baina egia esan agintariek gauza gitxi egin leikie herritarrak kontzientziatzen ez badira. Zhou Shufang, Biologian lizentziau barri dan eta Shanghaiko zooko kumeakaz lan egiten dauen emakumeak uste dau oraindino bide luzea egin beharko dala aktibismo ekologikoak indarra hartzeko. Bisitarien jarrerea nahikoa adierazgarria da; sarrerea ordaindu dabelako animaliak edozelan tratau leikiezala pentsetan dabe eta hori leku guztietan pasetan da. Txinatarrek uste dabe euren diruak inmunidadea emoten deutsiela ezelako etika barik jokatzeko. Pentsamolde eta jarrera hori ahalik eta azkarren aldatzen ez bada, ez da konponbiderik izango.

Osorik irakurri