Euskerearen ezagutzea eta erabilerea ardatz dituan Berbetan jardunaldiak laster izango dira martxan Ermuan. Hain zuzen be, martia eta apirilean hiru saio egingo ditue. Aurtengoa hamabosgarren edizinoa da.
Gogoeta eta eretxi trukerako aukera emoten dauen ekimen hau 1999an abiarazo eben Euskal Birusa euskera alkarteak, Eskolabarri ikastetxeak, Kaltxango AEK euskaltegiak, Anaitasuna Ikastoleak eta Udal Euskaltegiak, Ermuko Udaleko Euskera Zerbitzuaren babesagaz.
Antolatzaileek jakinarazo dabenez, martiaren 19an, Lur Kortak adierazpen tailer bat emongo dau 17:00etatik aurrera, Lobianon. Bost urtetik gorako ume eta gurasoei zuzenduta dago, eta jokoen bidez helburu jakin batzutara heltzen ahaleginduko dira. Helburua, euskera lantzeaz gan, gozetea eta jolastea dala dinoe tailerraren arduradunek.
Hurrengo egueztenean, martiaren 26an, Mundua osatzen dokumentala proiektauko dabe Lobianon bertan, 19:00etan. Euskara jendea dokumental sortako atal bat da, eta emonaldiaren ostean, Juan Carlos Etxegoien Xamar egileetako bategaz barriketaldia izango da.
Apirilaren 9an egingo dabe azkenengo jarduerea. Zuhaitz Gurrutxagak Elkarrizketa musikatua eskainiko dau, Gatibu taldeko abeslari Alex Sardui alkarrizketatuz. Hitzordua 19:00etan izango da, Lobianon.