Arte Biziak izeneko programearen barruan, Antzerkiaren zero gradua. Historia eszenatik berridaztea zikloa zuzenduko dau Pablo Fidalgok Bilboko Alondigan, martiaren 20tik apirilaren 12ra. Eszena-arteen arloko profesional eta ikasleei zuzenduta dago mintegia.
Mintegia maisueskolek osotuko dabe, artistek euren sorkuntza-metodoei buruz jardungo dabe, eta parte-hartzaileei beharrerako tresnak proposatuko deustiez, euren hausnarketa propioak egin ahal izateko. Gauzak egiteko oinarrizko modu batera, artisau-erara, hurreratuko dira, azaldu dabe antolatzaileek.
Berbea eta historia barriaren berreregitea euren sormen-lanen erdigunean ipini daben artisten lana aztertuko dabe, hain zuzen be, Tiago Rodrigues, Rui Catalao, Patricia Caballero eta Miguel Bonnevilleren beharra jorratuko dabe. Mintegia artista bakotxaren munduan sartzeko modu zuzena izango da, teatraltasuna, gorputza eta hitz eszenikoa ulertzeko daukien modua ezagutzeko. Aste bitan banatu dabe egitaraua, martiaren 20tik aurrera.
Tiago Rodrigues Mundo Perfeitoko zuzendari eta Bruselako PARTSeko irakasleak sei orduko eskola magistrala emongo dau hilaren 20an, erabateko antzerkia egiteko dauen modu artisauari buruz. Ganerako eskolak hiru ordukoak izango dira. Rui Catalaok istorioak zelan batu eta eregiten dituan azalduko dau; Patricia Caballerok jantzearen egoerea izango dau berbagai; eta Miguel Bonneville performancearen historiaz arduratuko da. Mintegin oso gaztelaniaz egingo dabe.