Badator Euskal Herria Zuzenean

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko mar. 21a, 00:00

Aniztasunaz irauli, kultura erein lemapean dator aurtengo EHZ. Gure leloa sinplea bezain garrantzitsua da: ez da populu ala kultura bat bestea baino gehiago balio dauenik. Kultura ta populu bakotxak danon aberastasuna bermatzen dau eta amalurraren bioaniztasunagaz egia dana, kultura ta populuakaz egia da. Sistema homogenizatzailearen parean, aniztasuna aldarrikatzen dogu, bakotxaren burujabetza oinarri, populu zapalduen arteko alkartasuna sustatuz.

Lapurdin, Lekorneko Garroa gazteluan, bagilaren 27tik 29ra izango diran berbaldiak iragarri ditue antolatzaileek eta apirilean jakinarazoko dabe musika egitaraua. Eztabaida eta gogoeta guneagaz abiatuko da aurten jaialdia. Herri zapalduen adierazpen gune bilakatu nahi dabe aurten jaialdia, aniztasunaren eta alkartasunaren indarrak elikatzeko asmoagaz eta, esangura horretan, Noam Chomsky filosofoak berbaldia emongo dau Internet bidez. Kurdistan, Azawad, Katalunia, Quebec, Andaluzia, Eskozia eta Kabiliako egoerak be berbagai izango dira eta tailerrak, erakusketak, proiekzinoak eta kontzertu akustikoak be iragarri ditue.

Musika egitarauari jagokonez, antolatzaileek apirilean emongo dabe guztiaren barri. Edozelan be, gaurtik aurrera, 3 egunetako sarrerea 45 euroan erosteko aukerea dago; eskaintza hau webgunean baino ez dago eskuragarri.

Beste alde batetik, EhrZ-ak musika lehiaketearen harian, orain arte Euskal Herrian kokatzen zan, bertoko taldeei aukerea emoteko baina aurten eskema barri bat ezartzea otu jake antolatzaileei eta nazinoartera zabaltzea pentsau dabe, betiko helburuari eutsiz: artista barriak bultzatzea, hain zuzen be. EHZren tematikeari oihartzun egiteko, kultura minorizatuetako artistak bultzatu nahi doguz. Kultura minorizatuetaz berba egiten dogunean, bizi diran kulturak aitatzen doguz, gaur egun, defendiduteko kuadro finkorik ez daben kulturak.


Irabazleen historikoa

2006: Proffesseur Hob.
2007: La Rue des Pavots.
2010: Elenes.
2011: The Rodeo Idiot Engine.
2012: Anai Arrebak.


EHttipiZ

Euskal Herria Zuzenean belaunaldi guzien festibala da. 2013an Festibaleko 3 egunetan, umeen txokoari arreta berezia emon ondoren, urrunago joan nahi izan dogu euskerea ardatz hartuta, umeentzako egun oso bat antolatuz hainbat jarduera batzen dituan proposamen barri bategaz: EHttipiZ.

Aurten beraz, barikua, bagilak 27, umeen eguna izango da EHZren oinarrizko baloreak gogoan hartuz: ingurumena, Kultura, aniztasuna eta trukaketea. Belaunaldi horreek hartuko dabe festibala hemendik urte batzuetara, eta gaurtik nahi deutseguz gure baloreak transmitidu, jokoaren bidez, kalidadezko jarduerakaz, beti be jai espiritua ahaztu barik. Hori baita Euskal Herria Zuzenean festibalaren sormarkea.

Osorik irakurri