Datorren astean OEE-Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak Osasun Biltzarra antolatu dau Donostian. 1991tik urtez urte hutsik egin barik egin izan da, eta osasun-zerbitzuak euskeraz emoteko behar dan trebakuntzea jasoteko oso lagungarriak izan dira biltzar honeek. 24. edizinoak Osasun Hezkuntzea izango dau ardatz, profesionalen zein pazienteen ikuspegitik abiatuta.
Gai hau aukeratzearen arrazoiak asko izan dira. Batetik, herritarren edadeak gora egin ahala, gaixotasun kronikoak gero eta esparru handiagoa hartzen dagoz osasun-zerbitzuetan eta horrek pazienteak euren gaixotasuna kudeatzeko prestau beharra dakar. Bestetik, espezialidade mediko askotan, besteak beste, pediatrian eta gerontologian, hezkuntza-arloa gero eta gehiago hartzen da kontuan. Badira aitatu beharreko beste arrazoi batzuk be, esaterako, gaixotasunen prebentzinoan herritarrek ohitura osasungarriak jarraitzeko garrantzia, etab.
Hori guztia kontuan hartuta eta Osasun Hezkuntzearen gaiari ahalik eta ondoen heltzeko, lau mahai-inguru antolatu dira biltzar honetan eta horreen bidez, gaur egun pil-pilean dagozan gaiak jorratuko dira.
Lehenengo mahai-ingurua ohitura osasungarriei buruzkoa izango da eta ondorengo hiru gai honeek jorratuko dira bertan: Prebentzinoa eta ohitura osasungarriak, Obesidadearen prebentzinoaren eraginkortasuna Pediatriako konsultan, eta, azkenik, Minbizia: bizitza-azturak eta norbanakoaren ardurea, faktore psikologikoak eta emozionalak.
Bigarren mahai-inguruan gaixotasun kronikoak izango dira berbagai eta bertan entzungo diran berbaldiak esperientzia praktikoei buruzkoak izango dira: Paziente bizia programearen garapena eta txertaketea osasun-erakunde batean, Gaixotasun kronikoen Osasun Hezkuntzea Beasaingo lehen mailako unidadean, Gaixo kronikoei zuzendutako telemetria-zerbitzua: multipatologian espezializautako software-plataformea eta, azkenik, aitatu beharra dago kanpoko esperientzia bat ezagutzeko aukerea izango dala ondorengo berbaldiari esker: Etxez etxeko telemedikuntzearen ezarpena: mundu zabaleko esperientziak.
Hirugarren mahai-ingurua oso gitxitan lantzen dan gaiaren inguruan izango da: heriotzearen inguruan, hain zuzen be. Horretarako aurten estreinautako Aulki hutsak dokumentala ikusteko aukerea egongo da eta ondoren bi berbaldi honeek entzutekoa: Bizitzako azken bidaia, etxean eta Zelan hil nahi duzu? hilten Ikastea.
Azkenik, osasun-arloko langileen hezkuntzeari buruzko ondorengo berbaldiek osotuko dabe laugarren mahai-ingurua: Osasun-arreteari lotutako infekzinoak: zainketa epidemiologikoa, prebentzinoa eta kontrola; Pazientearen segurtasuna eta Osasun-hezitzaileen trebakuntzea.
Beraz, Osasun Biltzar hau helburu asko beteteko asmoz antolatu da: herritarren aztura osasungarriak zelan finkatu eta sustatu; paziente kronikoen esku-hartzearen barrikuntzak eta motibazinoa sustatu; diabetikoen arretea hobetzeko erispideak ezagutu; ospitaleetan eta osasun-zentroetan infekzinoaren kutsadurearen prebentzinoa hobetu; pazientearen segurtasuna eta istripuen prebentzinoa; osasun-hezitzaileen trebakuntzea; heriotzearen aurreko osasun-arloko langileen jarrerea lantzea; etab.
Beste alde batetik, antolatu diran bi tailerretan, motibazino-alkarrizketarako gakoak eta diabetesaren konplikazinoen prebentzinoa landuko dira.
Kontuak kontu, Osasun Hezkuntzearen gaiari behar bezela heltzeko egitarau oparo eta interesgarri honek 12 berbaldi, 12 ahozko komunikazino, 25 poster, 2 tailer eta film bat hartuko ditu.