Bidebarrieta Liburutegian gaur, hilak 25, Eztabaidak literatureagaz ekimeneko beste hitzordu bat izango da. Bi idazleen arteko topaketea ardatz dauen egitarauan, gaur arratsaldeko topaketearen protagonistak, Fernando Savater eta Iñaki Esteban izango dira eta literaturearen eta filosofiaren arteko loturea aztertuko dabe. Pedro Ugarte idazleak zuzenduko dauen eztabaidea, 19:30ean hasiko da liburutegiko ekitaldi aretoan. Sarrerea librea da leku guztiak bete arte.
Fernando Savater espainiar filosofo garaikiderik ezagunena da. Saiakera ezagunen egilea da, adibidez, Ética para Amador; prentsarako hainbat artikulu idatzi ditu, baita zenbait eleberri be. Bere ibilbidean zehar, hainbat sari irabazi ditu, berbarako, Planeta (2008an, La hermandad de la buena suerte lanagaz); Eleberriaren Udaberri Saria (2012an, Los invitados de la princesa lanagaz); eta Saiakerako Nazionala 1982an, La tarea del héroe lanagaz.
Iñaki Esteban filosofoa eta kazetaria da. El Correon Kultura ataleko erredaktorea izateaz gan, irratian eta zenbait kultur argitalpenetan kolaboratzaile izateagaitik da ezaguna, Bilbao hilabetekariko Pergola gehigarrian adibidez. 2003an, Miguel de Unamuno Saria irabazi eban Libertad y sentido en las sociedades democráticas saiakereari esker. Bilbao de cineko egilekidea da eta zenbait filosofok Lao-tsé, Epicuro, San Pablo, Nietzsche edo Heidegger lako egile klasikoen pentsamendua aztertzen daben Diccionario de la existencia lanean be parte hartu dau.
Eztabaidea, Pedro Ugarte idazle bilbotarrak zuzenduko dau, El país del dinero eta Los cuerpos de las nadadoras eleberrien egilea; azken lan horregaz, 1996an, Euskadiko Literatura Saria irabazi eban, Herraldeko finalista izateagaz batera. Historia de Bilbao: de los orígenes a nuestros días ikerketa lanaren eta Incendios y amenazas eta El falso fugitivo bi olerki-libururen egilea be bada.
Eztabaidak literatureagaz egitasmoa, orain zazpi urte jaio zan idazleen eta irakurleen arteko hurreraketa bat eskainiz, idazleen obren aurkezpen huts bat baino, literaturearen munduan sakontzeko asmoz. Formula horregaz, egileak eta publikoa aurrez-aurre jarten ditu egitasmoak eta publikoaren aurreko bi idazleren solasaldietan giro lasaia sortzen da, idazleek auren hausnarketak zabal proponidu ahal izateko.