Bizkaiko Kultur Txartela programearen bigarren fasea aurkeztu dau Miren Josune Ariztondo Kulturako foru diputaduak. Martiaren 31n hasiko da martxan, eta danetara 30.450 bonu ipiniko ditue salgai. 345.000 euro bideratuko dira udabarriko kanpaina honetarako.
2013ko abenduan abiatu zan Bizkaiko Kultur Txartela programea, eta orduan iragarri eben lez, udabarri partean, bigarren ekinaldia helduko zan. Halanda ze, datorren astelehenetik aurrera hiru muetako bonuak erosi ahalko dira: A muetako txartela, 32 euro balio dauena, edozein kultur produktutarako; B muetako txartela, 28 eurokoa, euskereaz ez dan hizkuntza batean egindako zuzeneko kultur ikuskizunetara joateko (zinemea, antzerkia, musika-kontzertuak, museoak...); eta, D muetakoa, 24 eurokoa, euskerazko produktuentzako.
Bonuak 40 euroko balioa dauka txartela daukanarentzat, eta kultur produktuak erosteko, edo museoetarako, zuzeneko emonaldietarako eta bestelako kultur ekitaldietarako sarrerak eskuratzeko erabili ahal izango da. Txartelaren prezioaren eta erosketa-balioaren arteko aldea Bizkaiko Diputazinoak ordainduko dau. Kutxabanken erosi ahal iznago dira txartelak. Martiaren 31tik bagilaren 27ra bitartean egongo dira salgai.
Kultur Txartelak produktu honeek erosteko balio izango dau: liburuak (testu-liburuak, ikasteko liburuak eta liburu profesionalak ez), musikea (CDa, biniloa, DVDa…) eta zuzenean musika-kontzertuak ikusteko sarrerak; zinemea (DVDak eta beste euskarri batzuk, eta zine-aretoetarako sarrerak); bestelako uzeneko emonaldiak (jantzea, antzerkia…); eta museoetarako sarrerak. Produktu batzuk programatik kanpo dagoz, berbarako, papelgintzako artikuluak, informatikako eta elektronikako ekipo, software eta konsumigarriak, eta jokoak eta bideojokoak.