Bilbok Ramon Barea omenduko dau Antzerkiaren Nazinoarteko Egunean

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko mar. 26a, 00:00

Martiaren 27an, Antzerkiaren Nazinoarteko Eguna ospatzen da eta horregaz batera, Bilbao Eszena martxan jarri zaneko hamargarren urteurrena be bai, Santutxun dagoan baliabide eszenikoan zentroarena.

Arenalean eta Arriaga Plazan antzerkiaren jaia izango da nagusi bihar eta munduko milaka eszenatokietan Antzerkiaren Nazinoarteko Eguneko manifestuaren irakurketea egingo da, Brett Bailey antzerkigile, diseinatzaile eta hegoafrikar zuzendariak idatzitakoa.

Izaskun Agirresarobe eta Barbara Govan Euskadiko Kaleko Artearen Artekale Alkarteko antzezleen eskutik, testuaren irakurketea egingo da Bilbon, eguerdiko 12:00etan Arriaga Plazan nazinoarteko mezuaren irakurketa antzeztua egingo dabe. Artista biak zerutik lurrera eta lurretik zerura egingo dituen akrobazia artean topauko dira.

Arenala izango da ospakizunaren beste kokagunea, Gaitzerdi Konpainiaren eskutik, espazio honetan jarriko dan kamioi batean. 10:00etatik 12:00etara eta 13:00etik 14:00etara irrati antzezpena eskainiko dabe eta 20:00etan, publikoagaz aurrez aurreko topaketa bat Media Vuelta mobimentuzko antzezpenagaz, 5 euroren truke.

Bilbao Eszenaren X. Urteurrena, Ramon Bareagaz eta Lorquianas obreagaz

Orain 10 urte, 2004ko martiaren 27an hain zuzen, Antzerkiaren Nazinoarteko Eguna, Santutxun dagoan Baliabide Eszenikoen Bilbao Eszena Zentroan aurkeztu eben, antzerkiaren eta jantzearen munduari bere sorkuntzearen oinarritik bultzadea emoteko asmoz.

Antzerkiaren Nazinoarteko Eguna eta aitatu zentroaren 10 urteak ospatzeko, Juan de Gardeazabal kaleko 3. zenbakian kokatuta dagoan Bilbao Eszenan, martiaren 28an hainbat jarduera egingo dira. Hasteko 17:15etik aurrera Antzerkiaren Egunaren esanahia ezagutzera emongo da manifestuaren bitartez eta zentruan eskaintzen diran umeentzako eta gaztentzako ikastaroen barri emonez, ume eta gazteen artean eta 20:30ean, 2013ko Antzerkiaren Sari Nazionalak, Ramon Barea bilbotar aktore eta zuzendariak, Nazinoarteko Mezua irakurriko dau, helduentzako ikastaroetako ikasleei eta oro har, eszena mundua gustoko daben eta zentroan hasi nahi daben guztiei zuzenduta.

Ekitaldi xume honek Ramon Barearen omenaldi izan nahi dau, antzerkia maite dabenek jarraitu beharreko adibidea eta urtez urte Bilbao Eszenatik pasetan diranena, eszenaren munduan hasi nahi dabenentzat.

Ondoren, Felipe Lozak zuzendutako eta Itziar Lazkanok interpretautako Lorquianas obrearen laburpena eskainiko da, Federico García Lorcaren testu ezagunenen protagonistei eskainitako omenaldia.


Antzerkiaren Eguneko Nazinoarteko Mezua, 2014

Urtero, antzerkigintzan ospetsua dan persona bat edota bihotz eta arimaz apartekoa dan bestelako alorreko ohiz kanpoko persona ezagun bat konbidatzen da nazinoarteko antzerkiari eta harmoniari buruzko hausnarketak konpartidu daizan. Nazinoarteko Mezuaren izenaz ezagutzen dana 20tik gora hizkuntzatara itzultzen da, milaka dozena ikuslek irakurten dabe mundu osoko antzokietako aurkezpenen aurretik eta ehunka egunkaritan argitaratzen da. Ikus-entzunezkoen alorreko kideek eskua luzatzen dabe senidetasunez, ehundik gora irratik eta telebistak eskaintzen deutsee Mezua ikus-entzuleei bost kontinenteetako txoko guztietan.

Hau da mundu osoan eta Bilbon aurten entzungo dan mezua, Izaskun Agirresarobe eta Bárbara Govan antzezleen eskutik 27an, eta Ramon Barearen eskutik 28an:


Gizartea dagoan tokietan, antzezpenaren muin gaitzetsiezina azaltzen da

Herri txikietako arbolapetan, eta metropoli globaletako eszenatoki erabat teknifikatuetan, eskoletako korridoreetan eta soloetan eta tenpluetan, auzoetan, plaza publikoetan, zentro komunitarioetan eta barrualdeko urietako sotoetan, gure giza konplexutasuna, gure aniztasuna, gure ahultasuna, haragitan, eta hatsa eta ahotsa agertzeko sortzen dogun antzerkiaren mundua konpartioduteko asmoz erakarten da jentea.

Negar egiteko eta gogoratzeko, barre egiteko eta begiratzeko, ikasteko eta baieztatzeko eta imajinatzeko batzen gara. Trebezia teknikoaz txunditzeko eta jainkoak antzezteko. Gure hats kolektiboa edertasunerako eta errukirako eta izugarrikeriarako dugun abilezian harrapetako. Geure burua indartzera gatoz. Gure kultura ugarien aberastasuna ospatzeko eta banantzen gaituen mugak indarbakotzeko.

Gizartea dagoan tokietan, antzezpenaren muin gaitzetsiezina azaltzen da. Jendartean sortua izanik, gure tradizino anitzen mozorroak eta jantziak daroaz. Gure berbakerak eta erritmoak eta keinuak darabilz, eta tarte bat argitzen dau gure artean.

Eta guk, antxinako espiritu horregaz beharrean gabilzan artistok, geure bihotzen, geure ideien eta geure gorputzen bitartez bideratzeko preminea dogu, geure errealidadeak mundutartasun osoz eta misterio distiratsuz plazaratzeko.

Baina gaur egun miloeka lagun dabilz burrukan iraun ahal izateko, erregimen zapaltzaileak eta kapitalismo ankerrak bizi ditue, iheslari dira gatazketan eta ezbeharretan, gure bizitza pribatuan sartzen dira zerbitzu sekretuak eta gure berbak zentsuretan ditue gobernu muturluzeek, oihanak hondatzen ditue, espezieak suntsitzen eta itsasoak pozointzen. Egoera horretan, zer plazaratzeko preminea dogu?

Botere maila desbardineko mundu honetan ordena hegemonikoek sinistarazi nahi deuskue nazino bat, arraza bat, genero bat, preferentzia sexual bat, erlijino bat, ideologia bat, marko kultural bat beste batzuen gainetik dagoala. Benetan defendidu daiteke arteak katerik barik egon behar dauela agenda sozialen aurrean?

Gu, artistok, konforme al gagoz merkatuaren eskari antzuakaz, edo gizartearen bihotz-buruetako espazioa garbitzeko geure gaitasuna erabili behar al dogu, jentea gure inguruan batzeko, inspirazino iturri izateko, sorgintzeko eta informetako eta itxaropenezko eta lankidetza eskuzabaleko mundua sortzeko?.

Osorik irakurri