Donostiako jazzaldia kartela osotzen dabil apurka-apurka, musikari gehiagoren kontzertuak iragarri barri ditu. Hain zuzen be, garagarrilaren 23tik 27ra bitartean egingo dan Donostiako 49. Heineken Jazzaldian George Clinton, Dee Dee Bridgewater, Toshiko Akiyoshi eta Lew Tabackin, Snarky Puppy, Nicholas Paytonen Sketches of Spain, Sun Raren Arkestra eta Bugge Wesseltoft taldeak izango dira.
Izen barri honeek aurretik esandako Ray Davies, Chick Corea, Bobby McFerrin, Stanley Clarke, John Scofield, Dave Holland, Muhal Richard Abrams, Wadada Leo Smith, The Horrors, Enrico Rava, Vintage Trouble eta Wire talde eta artistei batzen jakiez. Ekarpen barriek musika-eskaintza askotarikoa, trinkoa eta jostagarria bermatzen dabe, dinoe antolatzaileek, ospe handiko izenak eta artista barriak, proposamen abangoardistak eta proiektu bakanak buztartuko dira.
Aurtengo Donostiako Jazzaldian batuko dira Kristin Asbjornsen norvegiarra, Ibrahim Electric talde suediarra, Za! bikote sailkatzeko gatxa, Rene Marie abeslaria eta An On Bast eta Maciej Fortuna bikote poloniarra, Krzysztof Pendereckik zinemarako idatzitako musikeagaz.
Laster behin betiko kartela zarratuko dabe. Tokiko taldeak, Donostia 2016gaz alkarlanean prestatuako programazinoa, TxikiJazz ekimena, Donostiako Jazzaldia Saria edo Jazza eta Gastronomia sailak zehazteaz falta da oraindino, besteak beste.
Jazzaldirako sarrerak martiaren 31n ipiniko ditue salgai,11:30etik aurrera, ondoko lekuetan: www.heinekenjazzaldia.com eta www.kutxabank.es webguneak, eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatilak. Argibide gehiago, hemen.