Jasone Osoro: 'Taldearen babesa, konfiantzea sentidu behar dot'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko mar. 31a, 00:00

Euskal Idazleen Elkartearen buruzagitzan, Ander Iturriotzen lekua hartu dau oraintsu Jasone Osoro elgoibartarrak. Informazino Zientzietan lizentziaduna, kazetari lanak egin ditu eta telebistan be ibili izan da, aurkezle zein gidoilari eta urteak daroaz egunkari eta aldizkarietan zutabeak idazten. Bere lehen literatura lana 1998an kaleratu eban, Tentazioak eta gero etorri ziran Isadora, Korapiloak, Greta eta 2009ko Bi marra arrosa. Gazte literaturan, barriz, Jara personaiaren ganeko lau liburu eta Ezekiel be hor dagoz. Informazino Zientzietan lizentziaduna da eta Bartzelonan Zine Gidoigintzeari buruzko gradu-ostekoa egin eban. Elgoibarko Barren astekarian egin zituan kazetari lanak bost urtez. Telebistan ibili izan da aurkezle, erredaktore eta gidoilari lanak egiten: Bai zera, Sorginen Laratza, Hasiberriak, Kuxkuxeroak, Goenkale, Wazemank eta Horrelakoa da bizitza. Telebistari buruzko Asteon aldizkariko zuzendaria izan zan. Zutabegile lanetan dabil hedabideetan eta hainbat aldizkaritan kolaborau dau, ipuinak idatziz: Euskaldunon Egunkaria, Gara, Aizu eta HABE aldizkarietan, Euskadi Irratian… Azken hamar urteotan Diario Vasco egunkarian zutabeak idazten ditu. Bai horixe atalean hasi zan eta 2008tik eguaztenero irakur daiteke bere zutabeak kontrazalean, Plaza de Gipuzkoa atalean.


1.- Orain urte bi zeugaz batera Zuzendaritza Batzordean hasitako kide gehienek jarraituko dabe taldean, eta horregaitik onartu ei dozu presidente kargua. Zeintzuk dira zure erronka eta egitekoak? Eta alkartearenak?

Kargua onartzeko arrazoietako bat izan da baina ez bakarra Zuzendaritza Batzordean neugaz ibilitako gehienek jarraitzea. Urte bi daroaguz alkarregaz eta gehienek neure taldean jarraitzea erabagiorra izan da, taldearen babesa, konfiantzea sentidu behar dot ze niretzako presidentetzea ez da izan behar bertikala, goitik beherakoa, horizontala baino; talde lanaren alde egin dot beti. Pako Aristi, Kristina Lasa, Jose Mari Carrere, Asier Serrano, Josune Muñoz eta Jon Martin dira alboan izango dodazanak.

Erronkei jagokenez, hasieratik alkartearenak diran helburuakaz bat nator, hau da, idazlearen figura eta alkartearen beraren izana gizarteratzea, bistaratzea, izan be, euskerea eta euskal kulturea oro har, nahikoa ikusezinak dira gizartean. Horrezaz gan, idazlearen eskubide moralak eta profesionalak defendidutea, ze arlo danatan bizi dogun egoera baltz honetan, sekula baino idazle profesional gehiago dago eta, beraz, gurera ekarrita, kohesinoaren alde beharrak zeintzuk diran ikusi eta arlo hori landu gura neuke. Azken buruan, idazle barriak alkartera erakartea be helburu garrantzitsua da.


2.- EIE gizarteratzeko zeregin horretan, ze pausu emongo dozue?

Apirilean izango dogu lehenengo batzarra eta hor zehaztuko dogu zeri emon lehentasuna eta zelan bideratu arlo guztiak. Edozelan be, alkarteak presentzia soziala behar dau, medioetan egon behar dau egiten dogun guztia jakinarazoteko eta zabaltzeko. Alkartearen Hitzen Uberan webgunea be hor dogu, jarraitzaile pilo bat daukaz eta oso tresna erabilgarria da, sare sozialen bitartez eta aitatutako bistaratze helburu hori lortzeko.


3.- Zure azken liburua Bi marra arrosa da 2009an kaleratutakoa. Ordutik nondik nora ibili zara?

Hara eta hona, gauza askotan. Bai 2009koa da Bi marra arrosa baina oso oker ez banago, Ezekiel be urte horretan atara neban eta Ezekiel nora ezean, barriz, 2012an. Idazteari ez deutsat itxi, nobela bategaz burrukan nabil eta enkarguzko lanak be badaukadaz. Blog bat be badaukat, Jara Live izenekoa. Geratu barik nabil egia esateko.


4.- Aurrera begirako estrategia zehazteko asmoz, orain urtebete edo bazkideek inplikazinoaren beharra, lan sistemea aldatzeko beharra, batzordeen filosofia aitatu zituen. Esangura horretan, pausurik emon dozue? Aldaketarik izan da?

Bai. Galdeketea egin jaken bazkideei eta hori euskarri ona izan da gure abiapuntuak zehazteko. Alkartean beti egon dira batzordeak edo taldeak arlo edo jardunbide bakotxean eta hor ez da aldaketarik izango, lehen be esan deutsudanez, talde lana dalako gurea. Baina azpitaldeak osotzea be asmo interesgarria izan daiteke alkartearen dinamismoa eta eragingarritasuna sendotzeko.

Ganerakoan, behargin profesionalak dagoz alkartean eta eurek jakingo dabe nik baino hobeto parte-hartzeari jagokonez zein izan dan bazkideen ibilbidea baina beti azpimarratzen da bazkideei gauzak eskatzen jakezanean, erantzun egiten dabela, baietza emon dabela beti eta, esangura horretan, pozik gagoz.


5.- Krisi sasoi betean, gora joan da bazkide kopurua, idazle gazte batzuk erakarri dozuez. Baina momentu txarrak be biziko zenduezan...

Bai. Maila ekonomikoan gaur egun alkartea ondo dago, igazko balantzea ona izan da eta 2014. urteari begira diru-laguntzinoei eutsi egin deutsegu eta hori sano garrantzitsua da. Baina egia da azken urteotan diru-laguntzinoak asko murriztu dirala eta, beraz, daukagunari eustea da erronkea. Gatxa izango da baina autofinantzaketa aukerak be aztertuko doguz.


6.- Euskal Idazleen Elkarteak abiarazotako Hitzen uberan webguneak indar handia hartu dau. Zergaitik? Zein da webgunearen helburua?

Euskal literaturea zabaltzea da asmoa eta geure ekarpentxua egiten gagozala esango neuke; alkarteak asmau dauela uste dot. Webgune dinamikoa da, egunero barritzen da eta modu erakargarrian argitaratzen ditue barriak, batzuk laburrago, beste batzuk sakonago, argazkiakaz horniduta eta nik uste dot bete-betean asmetan dabela bai forman baita edukian be. Jente gaztea dago webgunea kudeatzen eta hori igarten da. Oso gustora gagoz.


7.- Idazleak ikastetxeetan programeagaz eta Hegats aldizkariagaz aurrera egingo dozue?

Duda barik. Idazleak ikastetxeetan programea da alkartearen ekimenik arrakastasuena. Harrera oso ona dauka bai ikasleen aldetik zein idazleen aldetik be. Euskal literaturea gazteen artean zabaltzeko ekimena da, irakurketea sustatzen da eta zuzenean idazleak ezagutzeko aukerea izaten dabe. Musikariek kontzertuak emoten dituen moduan, idazleen birea da Idazleak ikastetxeetan programea eta ahalik eta saio gehien emotea da gure asmoa. Diru-laguntzinoetan izandako murrizketeak eragina izan dau eta saio gitxiago doguz gaur egun lehen baino eta pena da hori baina gure asmo sendoa da programeari eustea eta ahal dala indartzea. Eusko Jaurlaritzea eta Bizkaiko Aldundia dagoz tartean.

Hegats aldizkariari jagokonez, krisiaren eraginez, arazoak izan ziran, aldizkariko kolaborazinoak ez pagetan eta hasi ginan baina ekimenagaz aurrera egitea da gure asmoa; hori bai, momentu honetan aztertzen gagoz oraingoari eutsi edo aldaketatxuren bat egitea, alde bisualean eta, akaso, formatoan be bai.


8.- Idazle eta irakurleen arteko hartu-emonak sustatzea da EIEren beste asmo bat. Zelan egiten da hori?

Batetik, gazteen artean Idazleak ikastetxeetan programea tresna egokia da idazle eta irakurleen arteko hartu-emonak sustatzeko eta Hitzen Uberan webgunea be oso garrantzitsua da irakurleakana heltzeko. Horrezaz gan, azken aldion gero eta indar handiagoa hartzen dagozan irakurleen txokoak nabarmenduko neukez; hainbat herritan dagoz martxan, hilero alkartzen dira, liburuak irakurri eta idazleakaz batera barriketaldi edo solasaldietan parte hartzeko. Horreek dira indargune nagusiak baina tarteka bestelako saioak eta tailerrak be antolatzen doguz. Jakina, aurrekontuak danean murriztu diranez, azken aldion saio gitxiago izan da baina gure jarrerea argia da arlo honetan, irakurleen eta idazleen arteko hartu-emonak sustatzen jarraitzea.


9.- Galeusca galiziar, kataluniar eta euskal idazleen arteko urteroko biltzarrak Katalunian izango dau aurten hurrengo hitzordua. 2008an, idazle katalanen, galegoen eta euskaldunen ordezkaritzea eta babesa sustatzeko asmoz Galusca Federazinoa sortu zenduen baina ordutik moteldu edo apaldu egin dira gauzak...

Bai, aurten urriaren amaiera aldean Katalunian izango da Galeusca baina oraindino ez dakigu gaia zein izango dan eta zein herritan izango dan be zehaztu barik dago. Ganerakoan, gauza askorik ezin deutsut esan ze Galeusca orain arte ez dot hurretik segidu. Dana dala, badago sentsazino ezkor bat Galeuscak orain urte batzuk eukan indarra ez ete dan galdu edo moteldu bai parte hartzeari jagokonez, baita formatoari jagokonez be. Gaiari astindu bat emotea komeniduko da segurutik baina oraingoz ezin deutsut ezer aurreratu neuk be ez daukadalako gaia bape argi.


10.- Internet, deskargak, liburu elektronikoak... Panoramea nahiko baltza da sortzaileentzat?

Literaturearen arloan fenomeno hori oraingoz ez da musikeagaz edo filmakaz pasetan dan bolumenera heldu baina egia da gaur egun dana dala oso efimeroa edo joankorra, gure gizarte honetan, arlo gehienetan gauzak jaso, erabili eta bota egiten doguz eta euskal literaturan be bardin pasetan da. Pena de ze literaturea, liburua ibilbide luzekoa da, berrirakurketarako eta lanketarako aukerea eskaini leikena. Deskargen kontuan, nahikoa galduta gagozala esango neuke, gatxa da kontrola eta sortzaileak eta editoreak mundu barri baten aurrean dagoz. Zeregin asko dago eta ahalik eta azkarren zeozer egin behar da.


11.- EIEko presidente kargua hartu barri, zein da zure jarrera, gogoa, animoa? Ander Iturriotz aurreko presidenteak aholkurik emon deutsu?

Ez, ez, aholkurik ez, esan deustana da prest dagoala edozertan laguntzeko baina orain arte jaso dodan aholku onena izan da ahal dala disfrutetako eta nahiz eta ardura handia izan eta bertigo apur bat be emoten dauen saiatuko naz disfrutetan. Nik neuk nire borondate eta ahalegin guztia jarriko dot hemendik lau urtera damutzeko motiborik ez izateko, talde lanaren alde egingo dot eta alkartearen izena eta izana ahalik eta ondoen ordezkatzea izango da nire burukomina.

Osorik irakurri