Donostiako Giza Eskubideen XII. Zinemaldia apirilaren 4tik 11ra bitartean izango da aurten

Aurten, danetara, 28 film luze, 18 film labur, 7 erakusketa eta hainbat jarduera iragarri ditue. Srdan Golubovic zuzendariaren Circles / Krugovi (2013) filmak inaugurauko dau datorren apirilaren 4an, barikuan, Donostiako Giza Eskubideen XII. Zinemaldia Victoria Eugenia Antzokian. Zarratu, barriz, Hany Abu-Assad zuzendariaren Omar (2013) film palestinarrak zarratuko dau. Udaleko Giza Eskubideen Sailak eta Donostia Kulturak antolatzen dau zinemaldia.

Giza Eskubideen Zinemaldiak XII. edizinoa beteko dau aurten bere zinema- eta giza kalidadea gaindituz, baita jarduera paraleloei jagokenez be: protagonista, film-zuzendari eta landutako gizarte-arloko gaietan adituak diran personakaz izango diran solasaldiak, erakusketak, nazinoarteko film labur lehiaketearen epaimahai gaztea, ikastetxeentzako goizeko zinema saioak… Azpimarratzekoa da zinemaldiak gero eta eszenatoki gehiago izateaz gan auzoetara zabalduko dala kultur etxeetan dobaneko proiekzinoak antolatuz, danak euskeraz. Gizateriaren erronka eta bakotasun handiei buruzko ikuspegi kritiko, solidario, aldarrikatzaile eta plurala eskaini eta eragitea da asmoa.

Emakume zuzendarien presentzia nabarmentzekoa da edizino honetan. Danetara, 10 film emongo ditue emakumezkoek filmautakoak, beste kategorietan izango daben garrantzia ahaztu barik. Era berean, aintzat hartzeko modukoa da euskeraz emongo diran filmeen kopurua. Kalidade handiko euskal produkzinoak ikusi ahal izango dira, baita atzerriko filmak jatorrizko bersinoan euskeraz azpititulauta, tartean zinemaldia zarratuko dauen pelikulea.

Herritarren artean gogoetea, sentiberatasuna eta eztabaidea sustatzea dau helburu Zinemaldiak, giza eskubideen urraketa mueta desberdinen inguruan, beti be. Horretarako, zinema eta kulturearen beste hainbat adierazpide erabilten ditu.


Robert Guediguian: Zinemaldiaren Saria

Marseillako L’Estaque auzoaren erretratugilea da, eta bertan filmetan ditu bere film gehienak. Langileen bizitzearen kronikaria da, portuko langileena eta egoera ahulenean bizi diranena, eurakan ardura handirik erakusten ez dauen mundu globalizatuan duintasunez aurrera egiten saiatzen diranena. Armeniarra eban aita eta alemaniarra ama, eta hogeita hamar urtetik gora daroaz langabezia eta pobreziari, lan ezegonkortasunari, immigrazinoari, drogei eta xenofobiari buruzko istorioak munduari kontetan. Jende umilaren kontakizunak dira, Guédiguianek bere filmetan maitasunez eta errespetuz kontetan dituanak. Beti lantalde beragaz lan egiten dau, hau da, Ariane Ascaride emazte eta aktoreagaz eta Jean-Pierre Darroussin edo Gérard Meylan aktoreakaz. Bere konpromisoa agirian ixten dabe honako film honeek: Marius et Jeannette (1997), À l'attaque! (2000), La ville est tranquille (2000), Marie-Jo et ses deux amours (2002) edo Les neiges du Kilimandjaro (2011).


Sarrerak eta abonuak

Victoria Eugeniako saio guztiak ikusteko 22 euroko abonua dago. Abonuak martiaren 29tik aurrera jarriko dira salgai Victoria Eugeniako leihatilan bakarrik.

Sarrerak egun berean jarriko dira salgai, 4,20 euroan. Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan edo internet bidez erosi ahal izango dira.

Donostiako Giza Eskubideen XII. Zinemaldiaren egitarau osoa ikusteko klik egin hemen.

Osorik irakurri