Apirilak 2: Ume eta Gazteentzako Liburuaren Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko api. 1a, 00:00

Bilboko Udalaren sare publikoa osotzen daben 16 liburutegiek umeei nahiz helduei zuzendutako berrogeita hamar kultur-jarduera inguru antolatu ditue hurrengo hiruhilekorako (apirilerako, maiatzerako eta bagilerako). Programa honetan, Ume eta Gazteentzako Liburuaren Eguna (Apirilak 2) eta Liburuaren Eguna (apirilak 23) ospatzeko ekitaldiak nabarmendu behar dira.

Udal liburutegi sarean gauzatuko dan programa honen barruan, umeei zuzendutako ipuin-kontalariak egongo dira hiru hizkuntzatan (euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez), era askotako tailerrak (ipuingintzea, sukaldaritzea, zientzia…) eta magia-ikuskizunak, bai eta berbaldiak, erakusketak eta idazketa eta irakurketa adierazkorreko tailerrak be helduentzat.

Kontuak kontu, apirilaren 2an ospatuko dan Ume eta Gazteentzako Liburuaren Egunari jagokonez, udal liburutegiek askotariko jarduerak antolatu ditue, besteak beste, ipuin-kontalariak Castañoseko liburutegian (euskeraz) eta Errekaldeko liburutegian (gaztelaniaz), liburu-tailerra Zabalan eta bi txotxongilo-emonaldi: Pantzart taldearen Boli, bili, Boli (Juan Kruz Igerabideren poesian oinarritutako euskerazko ikuskizuna) Begoñako liburutegian, eta Gus Marionetasen El sueño de Cleta San Ignazioko liburutegian. Gainera, Deustuko liburutegian, ingelesezko ipuin-kontalaria egongo da, British Councilen lankidetzaz antolatuta.

Azkenik, apirilaren 23an izango dan Liburuaren Eguneko hitzortu garrantzitsuari begira, Bilbo literaturan izenburuko berbaldia antolatu da Bidebarrietako Liburutegian 19:30ean. Felix G. Modroño eta Jon Arretxe idazleek, Bizkaiko uriburuan girotutako eleberrien egileek (Ciudad de los ojos grises eta 19 kamera, hurranez hurran), On Diegoren Uria literatur agertokitzat aztertuko dabe. Txani Rodriguez kazetari eta idazleak aurkeztutako ekitaldi honen osogarri moduan, erakusketa bat be antolatuko da.


Beste jarduera batzuk

Hiruhilekoko ganerako ekitaldiei jagokenez, berariaz nabarmendu behar da Irakurri, Gozatu eta Oparitu programearen hasierea Begoña eta Deustuko liburutegietan. Irakurketea sustatzea da, Topagunea euskaltzaleen alkarteagaz lankidetzan antolatutako kanpaina honen helburua.

Horrezaz gan, maiatzaren 30etik bagilaren 8ra bitartean, Arenalean egingo dan Liburu Azokeagaz batera, Bilbori buruz edo bertako eleberrigileek idatzitako liburuak batzen dituan erakusketea eskainiko da udal liburutegi sarearen standean.

Aldez aurretik izena emon behar dan jardueretan, epea jarduerea egin baino 15 egun lehenago edegiko da. Ekitaldi guztiei buruzko informazinoa batzen dauen programa osoa 16 udal liburuxketan eskura daiteke dagoeneko: Deustu, San Ignazio, Castaños, Zurbaranbarri, Otxarkoaga, Begoña, Bidebarrieta, Buia, Ibaialde, San Adrian, San Frantzisko, Zabala, Bilbao Musika, Irala, Errekalde eta Zorrozan, bai eta www.bilbao.net/bibliotecas webgunean be.

Osorik irakurri