Gailu teknologiko eroangarrietarako zerbitzu barri bi jarri ditu abian UEUk

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko api. 1a, 00:00

Teknologia barrien erabilerea gero eta ohikoagoa dala ikusita, UEUk bi zerbitzu berri izango ditu erabilgarri gaurtik aurrera: batetik, Ikastaro Barrien Alarma Sistema izeneko Android aplikazinoa eta ueu.org APIaren garapena, eta bestetik, ueu.org webgunearen egokitzapena eskuko telefonoetarako eta tabletetarako.

Izan ere, Eustatek kaleratutako azken datuen arabera, ikasleen % 97,9k erabilten dau Internet egunerokoan, eta horreetatik % 56,7k liburutegi, dokumentazino-gune eta ikasketakaz zerikusia dauen atarietara joten dau informazino bila. Horra hor, gailu teknologikoetarako moldaketa egitearen arrazoi nagusia. Zerbitzu biak, gainera, software libreagaz garatutakoak dira, UEUren filosofiari jarraituz.


Alarma sistemea, ikastaroen bozgorailu

Ikastaro barriak iragarteko alarma sistemeari jagokonez, zeregin argia dauka: UEUk antolatzen dituan ikastaroen barri emongo deutso erabiltzaileari. Holan, ikastaroetan interesa dauenak ez dau zertan ibili behar aldian aldian webgunean sartzen informazinoa izateko. Aplikazino intuitiboa da, eta interfaze sinplea dauka. Tokiak, jakintza-arloak, ikastaro-muetak eta alerten maiztasuna zehazteko aukerea be emoten dau.

Android sistema eragilerako garatzeak, bestalde, badau arrazoi bat: Kantar Worldpane ComTech erakundeak bagilean plazaratutako datuen arabera, egun dagozan aukera guztien artean, eskuko telefonoa dabenen % 84,1ek sistema eragile hori erabilten dau. Argi dago, beraz, erabiltzaile kopuruari begira plataforma hori oso zabalduta dagoala erabiltzaileen artean.

Bi modu dagoz aplikazinoa lortu ahal izateko: batetik, Googlen Play Store denda digitalean eta bestetik, proiektuak sareratzeko GitHub gunean.


Webgunearen egokitzapena, automatikoki

ueu.org webgunearen egokitzapenak be badauka loturea erabiltzaileen ohiturakaz. Egun, UEUren atarira sartzen dan % 15ek eskuko gailuetatik egiten dau, baina joera hori datozen hileotan handitzen joango dala ikusita, behar-beharrezkoa ikusi dau ataria gailu teknologiko eroangarrietarako egokitzea.

Moldaketearen zehetasunei jagokenez, barriz, nagusiena da Web Responsive Design metodologia kontuan hartuta dagoala garatuta, holan gailu guztietara modu egokian molda daiten. Metodologia horri esker, gailua edozein izanda be, modu automatikoan egokituko da edukia pantailearen neurrira. Edukiaren neurria handituz edo txikitu ezkero be, automatikoki egokituko da pantailearen neurrira.

Osorik irakurri